Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urriak 30

Nafarroako Parlamentuak harrera egin dio Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakariari

Unai Hualdek berretsi du Legebiltzarra prest dagoela gazteek politikan parte har dezaten sustatzera, ukitzen dituzten arazo nagusien azterketa eta eztabaida bere eginez  

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur Legebiltzarreko egoitzan Juan Gutiérrez Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakari berriari, zeinarekin batera etorri baita komunikazioko teknikari Sara Escalante.

 

Joan den irailaren 21az geroztik Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko buru den Juan Gutiérrezek azaldu duenaren arabera, lan-bilera horren ardatza izan da aditzera ematea “gure konpromisoa erabateko lankidetza edukitzeko talde parlamentarioekin”, zeinei eskatzen baitzaie “politika publikoen erdigunean jartzea nafar gazteriaren beharrizan eta interesak”. “Behin eta berriz ekinen diegu gazteek pairatzen ditugun egiturazko arazoei eta gazteek politikan parte har dezaten sustatzeari”.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, jakinarazi die Legebiltzarrak konpromisoa hartzen duela lankidetzaren bidean jarraitzeko, orain dela urte batzuk ireki baitzen, Gazte Parlamentua edo gainerako edozein ekimen baliatuta, erakundea hedatu eta Nafarroako gazteei hurbilarazteko, ukitzen dituzten arazo nagusien azterketa eta eztabaida bere eginez.

 

Nafarroako Gazteriaren Kontseilua apirilaren 18ko 110/1986 Foru Dekretuaren bidez sortu zen; Nafarroako gazteen ordezkaritza organo nagusia da eta helburua du sustatzea hura osatzen duten pertsona eta elkarteek parte har dezaten Erkidegoaren garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean.