Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Uztailak 20

Nafarroako Parlamentuak Gobernu Zentrala premiatzen du Foru Gobernuarekin adostu dezan Nafarroak izan beharreko partaidetza Covid-19aren krisiari aurre egiteko funtsean, bai eta zorra jaulkitzeko baimena ere

Hezkuntza eta Osasun Departamentuei eskatzen zaie protokolo integral bat adostu dezaten, bermatuko duena jangelak erabiltzea ikasle eta langileentzako segurtasun eta higiene baldintza guztiekin, osasun agintarien gomendioetan oinarriturik

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak administrazio eskudunei dei egiten die Nafarroako herri desberdinetako feria-guneen funtzionamendua gaitu dezaten. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren alde bozkatu dute Navarra Sumak eta PSNk, eta abstenitu egin dira, berriz, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak administrazio eskudunei dei egiten die Nafarroako herri desberdinetako feria-guneen funtzionamendua gaitu dezaten, COVID-19aren kutsatzea prebenitzeko segurtasun- eta higiene-neurri guztiak beterik, sektorearen ordezkaritzarekin kasuko elkarrizketa egin ondoren".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Gobernu Zentrala premiatzen baitu Foru Gobernuarekin adostu dezan Nafarroak izan beharreko partaidetza Covid-19aren krisiari aurre egiteko funtsean, bai eta zorra jaulkitzeko baimena ere. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du. Aldeko botoa eman dute Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek. PSN abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"-Nafarroako Parlamentuak Gobernu Zentrala premiatzen du Foru Gobernuarekin Hitzarmenaren esparruan eta atzerapenik gabe adostu dezan Nafarroaren partaidetza Covid-19aren krisiari aurre egiteko funtsean.

 

- Nafarroako Parlamentuak Ekonomia eta Ogasun Ministerioa premiatzen du Nafarroako Gobernuarekiko akordioaren bidez eta atzerapenik gabe ebatz dezan zor-jaulkipenerako baimena".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten baitu Covid-19aren Funtsa arautzen duen Errege Lege-dekretuak ezartzen duen baliabide ekonomikoen banaketa, Nafarroa bidegabeki kanpo uzten baitu 5.000 milioiko laugarren partearen esleipenetik. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du. Aldeko botoa eman du Navarra Sumak; PSN abstenitu egin da; Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek 3. eta 4. puntuen alde bozkatu dute; 1. puntuaren aurka bozkatu dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk, eta I-E abstenitu egin da; 2. puntuari dagokionez, horren aurka bozkatu dute Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk, abstenitu egin da EH Bildu eta alde bozkatu du I-Ek.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:

 

1.- Errefusatzea COVID-19 funtsa arautzen duen Errege Lege-dekretuan ezarri den baliabide ekonomikoen banaketa, Foru Komunitatea bidegabeki kanpo uzten duelako 5.000 milioi euroko laugarren partearen esleipena eskuratzetik.

 

2.- Nafarroako Gobernua premiatzea Estatuaren ordezkaritzarekin negozia dezan aipatu Lege-dekretuaren aldaketa, halako moldez non jasoko baita Nafarroako Foru Komunitateak partaidetza izanen duela funts-esleipenaren banaketa itzultzegabean.

 

3.- Nafarroako Gobernua premiatzea hitzarmen ekonomikoa koordinatzeko Batzorderako presako deialdia exigi dezan, ziurtasunez eta ekitatez zehatz dadin zein izanen den COVID-19aren funtsetik Nafarroak eskuratuko duen diru-kantitatea.

 

4.- Erabaki hau Espainiako Gobernuko lehendakariari helaraztea”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezko baiteritzo eskola-jangelak hezkuntza-gune gisa erreibindikatzeari eta profesionalek egiten duten lana duintzeari. Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1.- Nafarroako Parlamentuak beharrezko deritzo eskola-jangelak hezkuntza-gune gisa erreibindikatzeari eta profesionalek egiten duten lana baloratu eta duintzeari.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio 2020-21 ikasturtearen hasierarako jardute-protokoloa dokumentu bizia izan dadin, halako moldez non jangela-zerbitzua mantentzearen aldeko apustua eginen baitu hezkuntza-jardun presentziala aurreikusten den egoeretarako, betiere ikasleen eta jangeletako langileen osasuna eta segurtasuna une oro bermaturik badago.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza eta Osasun Departamentuei eskatzen die enpresekin eta langileekin 2020-2021 ikasturtearen hasiera baino lehenago adostu dezaten protokolo integral bat, bermatuko duena jangelak erabiltzea ikasle eta langileentzako segurtasun eta higiene baldintza guztiekin, osasun agintarien gomendioetan oinarriturik" .

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzional baterako proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen baitio aintzat har dezan Arartekoak Iruñeko Udalari eginiko gomendioa, herritarrak ez zehatzearena. EH Bildu talde parlamentarioak aurkeztu du. Aurkako botoa eman dute Navarra Sumak eta PSNk; Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aldeko botoa eman dute, eta I-E abstenitu egin da.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aintzat har dezan Nafarroako Arartekoaren Q20/615 Ebazpenaren edukia, zeinaren bidez Iruñeko Udalari gomendatzen baitzaio herritarrei ez dakien zehapenik ezar “agintaritzari edo haren agenteei desobeditzea”gatik (Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 36.6 artikulua), eta horren arabera joka dezan alarma egoeran zehar hasitako zehapen-espedienteen izapidetzean".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional baterako proposamena onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Estatuari exigitzen baitio indargabetu dezan Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa. I-Eren talde parlamentarioak aurkeztu du. Aldeko botoa eman dute PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek. Navarra Sumak aurka bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak defendatzen du, aldezten du eta Estatuko Gobernuari exigitzen dio indargabetu dezala apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzkoa".

 

Jatorrizko testuak bigarren puntu bat zeukan, errefusatua Navarra Sumak emandako aurkako botoarekin, PSN eta Geroa Bairen abstentzioekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldezpenarekin. Honako hau zioen:

 

"Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio zerga bidezko diru-sarrerak igotzea, sozietateen gaineko zergaren erreforma baten bidez eta aberastasunaren gaineko zerga bat sortuz, ekarpen erabakigarria egitearren berreraikuntza sozial eta ekonomikoaren finantzaketari, murrizketak ekidinez".

 

- Eledunen Batzarrak errefusatu egin du adierazpen instituzional baterako proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berriro ere exigitzen baitu Bardeako tiro-poligonoa ixtea. I-E talde parlamentarioak aurkeztu du. Navarra Suma eta PSNk aurka bozkatu dute; Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek alde bozkatu dute.

 

Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1.- Nafarroako Parlamentuak berriro ere exigitzen du Bardeako tiro-poligonoa ixtea, eta hura mantentzeko eta haren jardunerako baliabide ekonomikoak bidera daitezen biztanleek egun pairatzen duten krisi sanitario eta ekonomikoaren ondorioak biguntzera.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak berriro ere baztertzen ditu Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean su errealarekin eginiko ariketa militarrak".