Noiz argitaratua Asteazkena, 2007.eko Urriak 10

Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du galdakaoko zinegotzi baten eskoltaren aurka atzo eginiko atentatua

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura berezia egin eta honako adierazpen politikoa onetsi dute, Bizkaiko Galdakao herriko zinegotzi sozialista baten eskoltari zauri larriak eragin dizkion ETAren azken ekintza dela-eta:

"Berriro ere, ETA talde terroristak atentatu bat egin du; kasu honetan, Bizkaiko Galdakaoko Alderdi Sozialistako zinegotzi baten eskoltaren aurka. Bere ibilgailuan jarritako lehergailu bat aktibatuz, zauri larriak eragin dizkio, eta kaltetuaren bizitza bera ere egiazko arriskuan ipini du.

Horrenbestez, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak honako hau erabaki dute:

Lehena.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du erabat gaitzesten duela ETA talde terroristak atzo Galdakaon Gabriel Ginés jaunaren aurka eginiko atentatua. Ginés jauna bertako zinegotzi sozialista Juan Carlos Domingo jaunaren eskolta da, eta atentatuan larriki zauritua gertatzeaz gain, bere bizia bera ere egiazko arriskuan jarri da.

Bigarrena.- Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkie ekintza terrorista hori jasan duen pertsonari eta bere familiartekoei, eta, orobat, kargu publikoetan dihardutenen eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko lanean gaur egungo egoeran, ETAren mehatxuak aintzat harturik, aritzen diren segurtasun-arloko langileei, hala esparru publikokoei nola pribatukoei.

Hirugarrena.- Nafarroako Parlamentuak ETAri exijitzen dio atentatuak egiteari utz diezaion. ETAk aurrez aurre dauzka, Estatu demokratikoko erakunde guztiak ez ezik, herritar gehien-gehienak ere, behin eta berriro gaitzetsi dutenak ETAren existentzia, gizarte guztiari mehatxu egiten dion eta partaidetza politiko nahiz eztabaida publikorako bide demokratikoak mespretxatzen dituen talde terrorista izateagatik. Azken finean, ukatu eta oztopatu egiten du herritarrek beren borondate askea gauzatzea.

Laugarrena.- Nafarroako Parlamentuak berresten du uste osoa duela demokratek terroristen aurka bat eginez lortu ahalko dela haiek armak uztea, eta bategite horren bitartez gailenduko direla Zuzenbide Estatuaren balioak eta guztion bizia eta askatasuna bermatzen duten sozietate demokratiko baten oinarriak.

Bosgarrena.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du, halaber, inolako salbuespenik gabe defendatzeko giza eskubideak eta, horien artean, norbanakoaren nahiz giza taldeen eskubide zibil eta politikoak, Espainiako 1978ko Konstituzioan eta nazioarteko akordioetan aldarrikatuak.