Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Uztailak 23

Nafarroako Parlamentuak Euskaltzaindiarekiko lankidetza hitzarmena berritu du

Esanahi historiko, instituzional edo sozial berezia duten antzinako testu juridikoen erakusketa ibiltari bat antolatzeko asmoa dute, ondo bidean heldu den urtarrilean inauguratuko dena

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Euskaltzainburu Andrés Urrutiak gaur sinatu dute bi erakundeek adosturiko hitzarmena, antzinako testu juridikoen erakusketa ibiltari baten antolaketa ahalbidetzeko, 2015ean ezarritako lankidetza-estrategiaren gerizpean. Aurreikusten da erakusketa hori heldu den urteko urtarrilean inauguratuko dela, Foru Legebiltzarraren egoitzan.

 

Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak uste dute interesgarria dela erakusketa batean ikusgai jartzea euskararen lurraldeetako erakundeetan sakabanaturik dauden antzinako euskarazko testu juridikoak, egoki diren azalpenez lagunduta.

 

Aipatu erakusketa prestatzeko –bertan parte hartuko dute, halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Akitania Berriko Eskualdeko Conseil Regional delakoak–, Nafarroako Parlamentuak bere itzultzaileetako bat Legebiltzarraren ordezkari izendatuko du, parte har dezan Euskaltzaindiaren gidaritzapean esanahi historiko, instituzional edo sozial berezia duten testu juridikoen hautaketaz arduratuko den lantalde teknikoan.

 

Era berean, Nafarroako Parlamentuko artxibo eta dokumentazio zerbitzuek laguntza emanen dute eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkitu eta eskuragarri uzteko.

 

Erakusketa-gunearen egokitzapena eta bisitarien arreta, bai eta behar bereziak dituzten herritarrentzako sarbidea ziurtatzea ere, Nafarroako Parlamentuaren ardura izanen da, zeinak 5.000 euroko gehieneko kopuruaz lagunduko baitio erakusketari.

 

Esan behar da Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak hiru urterako hitzarmen bat sinatu zutela 2018ko martxoaren 18an, iraupen bereko ondoz ondoko aldietarako luzatu ahalko dena. Hitzarmen horren xedea da, besteak beste, euskarazko Hiztegi Juridiko lexikografikoa hobetzea.

 

Lan hori "Lexikoaren Behatokia" izeneko proiektu zabalago batean txertatzen da, zeinak egungo euskararen 68 milioi hitz-testuko base bat baitauka jadanik, esparru eta formatu desberdinetan erabiliak.

 

Ekimen horren helburua bikoitza da. Alde batetik, kontsultagarri egotea, Euskaltzaindiak jaulkitzen dituen arauak eguneratu nahiz etorkizunean aldatzeko xedez egiten dituen ikerketa-lanetarako. Eta, bestetik, funtsezko atal bat izan nahi du XXI. Mendeko Euskararen Corpusa izeneko langintza hedatsu batean, zeinari etorkizunean ekin nahi baitio Euskaltzaindiak. Horrenbestez, eta bi helburu horietan sakondu ahal izateko, ezinbesteko gertatzen da Lexikoaren Behatokia proiektuan jasotako testuen jatorria aberastu eta ugaritzea.

 

Lehenago, 2015eko urtarrilaren 21ean, bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, lexiko parlamentarioa bateratzeko asmoz. Lan horretan Eusko Legebiltzarrak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ere parte hartu zuten.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren hitzetan, Euskaltzaindiarekin sinatutako lankidetza hitzarmena “urteetan zehar esparru juridikoan egin den ekarpena erakusteko eta gizarteratzeko” beharretik dator. "Horregatik da hain garrantzitsua erakusketa ibiltari hau. Euskara nafar guztion ondarea da, eta Foru Komunitateko bigarren hizkuntza ofiziala izanik, zentzuzkoa da zaintzea, are gehiago hura gutxitzen saiatzen diren ahots eta ekintzen aurrean”.

 

Hualdek, amaitzeko, gogora ekarri du “bere ibilbide akademiko eta historikoa aintzat hartuta”, Nafarroako Parlamentuak Euskaltzaindiari joan den abenduan eman zion domina, “lankidetzari jarraipena emateko” helburuarekin. Bukatzeko, “Andrés Iñigoren lana eskertu nahi dut, orain euskaltzain emeritua baita, eta Pascual Rekalde hizkuntzalari nafarra ere zoriondu nahi dut, orain dela gutxi euskaltzain osoa bihurtu baita”.

 

Andres Urrutia Euskaltzainburuak "Nafarroako Parlamentuarekin aspalditik adostuta ditugun lankidetza-ildo nagusiak" akordio honekin berresten direla azpimarratu du. "Lankidetzan jardutea garrantzitsua da beti, baina askozaz garrantzitsuagoa da garai latz hauetan. Euskaltzaindiak ilusioz eta arduraz izenpetu du akordio hau, Akademiaren helburu nagusia euskararen aurrerakuntza baita, izan Nafarroan, izan euskararen bestelako lurraldeetan".

 

Hitzarmena izenpetzearen kariaz Unai Hualdek eskainitako harrera-ekitaldira Euskaltzainburuari lagun egin dion Euskaltzaindiaren delegazioa osatu dute Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzako arduradun Andrés Iñigo jaunak, idazkariorde Erramun Osa jaunak eta diruzain eta Sustapen Batzordeko buru den Sagrario Alemán andreak.

 

Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako erabilera anitzeko aretoan egin da eta bertan zeudenen artean Inma Jurío, Nafarroako Parlamentuko bigarren lehendakariordea izan da.