Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Abenduak 10

Nafarroako Parlamentuak eta Unicefek 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-etapa aztertu dute Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 30. urteurrenaren karietara

0 eta 3 urte bitarteko plazen %26,4 publikoak dira Nafarroan, Estatuko batez bestekoa baino zortzi puntu gutxiago

0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-etapa aztergai izan da gaur Nafarroako Parlamentuak eta UNICEFen Nafarroako Batzordeak antolatutako gosarian.

 

Arantza Biurrunek, Eskubide Sozialetako Batzordeko Lehendakariak moderatutako gosarian parte hartu dute María Solanak (Geroa Bai), Bakartxo Ruizek (EH Bildu),

Iraida Salaverrik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko 0-3 hezkuntza-etapako Sailburuak eta María Ángeles Espinosak, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko IUNDIA Institutuko Zuzendari eta Unicefeko Espainiako Batzordeko buruak. Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko kide batzuk ere bertan izan dira.

 

María Ángeles Espinosa “0-3 urte bitartean hezkuntza eskubidearen bermea: beharrezko inbertsio errentagarria” txostenaren egilea da.

 

Azaldu denez, haur hezkuntza eta bereziki 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-etapa tresna ezinbestekoa da gizarte desberdintasunak konpentsatzeko eta inbertsio eraginkorrena da desabantailak gainditzeko. Horrexegatik, garrantzitsua da beharrezko inbertsioaz bermatzea eta denentzat irisgarria eta kalitatezkoa den eskaintza bat egitea.

 

Espinosak, txostenaren egileak, ondorioztatu du haur hezkuntzaren arretarako hezkuntza zerbitzuak lehenetsi behar direla, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak zehazten duen bezala. Honekin, haur guztientzako kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatu nahi da, euren garapenaren eta ondorengo hezkuntza-faseen prestaketarako tresna gisa.

 

Espainian adin tarte honetan, Administrazioak diruz lagundutako plazak % 6 besterik ez dira, Europako batez bestekoak baino askoz ere gutxiago. Horrez gain, erkidegoei dagokienez desberdintasun handiak daude, izan ere, 0-3 urte bitarteko eskolatzea Euskal Autonomi Erkidegoan %51koa da esaterako, Kanarietan %12koa, Nafarroan %26,4koa eta estatuan %34,8koa.

 

Nazioa Batuen Erakundeak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onetsi zuenetik 30 urte pasa direla ospatzen ari dira eta horren karietara antolatu da gosaria. UNICEFen ustetan, urteurrenaren ospakizuna aukera paregabea da haurren eskubideak sustatzeko eta hitzarmenaren garapena ospatzeko, erakundearen lanaren oinarria baita arlo guztietan. Hitzarmena onetsi zenetik, milioika haurren bizitzak nabarmen aldatu dira.

 

Eskubide hauek ezagutzera emateko eta Nafarroaren betetze maila aztertzeko, 2009 urtetik Unicefen Nafarroako Batzordeak Nafarroako Parlamentuarekin batera gosariak antolatzen ditu haurren gaietan adituak diren pertsona eta komunikabideekin.

 

Unicefen Nafarroako Batzordeak oroitarazi du, bide batez, gaur Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta eskubide hauen oinarrian daudela haurren eskubideak. Gaur Nafarroako Parlamentuan 26. artikuluaz hitz egin dute:

 

(1). Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza dohainekoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat. Oinarrizko ikasketak egitea derrigorrezkoa izango da; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa, orokorra; eta denek izango dute goimailako ikasketak egiteko aukera bera, norberaren merezimenduen arabera.
 

(2). Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea izango da eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea; herrialde, arraza eta erlijio guztien arteko elkar-ulertze, jasankortasun eta adiskidetasunaren alde egingo du; eta Nazio Batuen iharduna bultzatuko du, bakeak iraun dezan.
 

(3). Gurasoek lehentasunezko eskubidea izango dute seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzeko.

 

1946an sortu zenetik, UNICEF munduan haurren eskubideak defendatzen dituen erakunde nagusia da, eta 159 herrialdetan dihardu. Hurrengo lehentasunetan oinarritzen da erakundearen lana: haurren heziketa, haurtzaroaren garapen integrala, gaixotasunekiko prebentzioa, GIB/HIESaren aurkako borroka eta haurren babesa indarkeriaren, esplotazioaren, tratu txarren eta diskriminazioaren aurrean. UNICEFek Nafarroan duen batzordeak programa desberdinak kudeatzen ditu, besteak beste: Haiti, Pakistan, Nikaragua, Ekuador, Dominikar Errepublika, Niger, Myanmar, Mauritania, Guinea Bissau, Senegal, Guinea Ekuatoriala, Burundi, Ertafrikako Errepublika, Sudan, Irak, Palestina L.O., Etiopia eta Bangladesh. Helburu nagusia da munduko 7.000 milioi biztanleek haurtzaroaren eskubideak ezagutu eta defendatzea da, eta horretarako lehen pausua, diotenez, “munduko haurren egoerak ezagutaraztea” da.