Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Ekainak 12

Nafarroako Parlamentuak Espainiako Zeinu Hizkuntzen Egun Nazionalaren ospakizunarekin bat egin du

Parlamentuaren aurrealdea turkesa kolorez argiztatuko da igande gauean, aukera eta eskubide berdintasuna egikaritzea bilatzen duen kolektiboari babesa emateko

Ekainaren 14an Espainiako Zeinu Hizkuntzen Egun Nazionala ospatzen da, eta horren karietara, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi bat egin du gaur, Legebiltzarreko talde guztien ordezkariak bertan zirela. Helburua “aniztasunarekiko errespetu-balioak sustatzea” izan da, ASORNAren hitzetan, “berdintasuna eraikitzeko tresna baliogarriena” hori baita.

 

Unai Hualde Parlamentuko Lehendakaria izan da ekitaldiari hasiera eman diona, eta “komunikazioak duen garrantzia” azpimarratu ostean, erakundeak irisgarritasunarekiko duen konpromiso argia mahai gainean jarri du, “osoko bilkuretan eta ekitaldi publikoetan irisgarritasuna bermatuz. Hizkuntzak ezinbestekoak dira eta komunikazioa funtsezkoa da edozein gizartek aurrera egin dezan. Azken hiru hilabete hauek harreman pertsonalak gehiago baloratzeko balio izan dute. Hau da osasun krisiaren ondoren egiten dugun lehen ekitaldia, espazio honek izan ohi duen bizitza kultural eta soziala gutxinaka berreskuratzen joatea espero dugu. Normaltasun-seinale bat izango da”, esan du.

 

Legebiltzarraren atalondoan ospatu den ekitaldian Nafarroako Pertsona Gorren Elkarteko lehendakari den Sofía de Estebanek manifestu bat irakurri du. Eskerrak eman ditu zeinu hizkuntzekiko dagoen “errespetu zabalagatik”, bai legegintzari dagokionez baita gizartean ere, eta “inor atzean utziko ez duen” herrialde baten berreraikuntza ekonomiko eta sozialean partaidetza aldarrikatu du.

 

Ildo horretan, hizkuntza-eskubideen ikuspegia izanen duen berariazko araudi bat sortzeko eskaera egin du De Estebanek, zerbitzu eta baliabideak herritar guztien eskura jarriz aukera berdintasuna eta oinarrizko eskubideen aitorpena bermatzeko.

 

Bestetik, erabiltzaileek eskatzen duten konpromiso sozial eta politikoarekin bat datozen politika publikoen bidez, Espainiako zeinu-hizkuntzen irakaskuntza, erabilera, babes eta sustapenari buruzko estrategia nazional bat prestatzea eskatzen da, hala, arreta goiztiarrean zein hezkuntza-sisteman ikaskuntza, ezagutza eta ezarpena bermatzeko. Hizkuntza eder hauek munduari harrotasunez erakusteko garaia da. Bizitzeko, inor atzean gera ez dadin”.

 

Interprete lanetan Ana Díaz eta Magda de Arriba egon dira.

 

Nafarroako Pertsona Gorren Elkartearen helburua da entzumen urritasuna duten pertsonen eta haien familien interesak ordezkatu eta defendatzea, norbanakoen egoerak gorabehera, haien bizi kalitatea hobetzeko.