Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Martxoak 9

Nafarroako Parlamentuak erabaki du martxoaren 11n Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren karietara Nafarroako Gobernuarekin batera ekitaldi bat ospatzea

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2020ko martxoaren 9an

 Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, martxoaren 11n Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna ospatzearen karietara. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak erabaki du adieraztea indarkeria terrorista bidegabea eta ez-zilegia dela, eta ez lukeela inoiz inongo inguruabarretan gertatu beharko. Beharrezkoa da egileek publikoki aitortzea haiek egindako erasoen biktimei eta gizarte osoari eragindako mina.

 

2. Nafarroako Parlamentuak erabaki du ETAren, martxoaren 11ko nahiz beste ekintza terrorista batzuen biktimen aldeko babesa eta elkartasuna mantentzea eta bultzatzen jarraitzea, biktima horiek ordezkatzen dituzten elkarteekin lan eginez, haiek aintzatespen publikorako eta erreparaziorako, egiarako, justiziarako eta halakorik errepikatuko ez delako bermerako dituzten eskubideak ziurtatuz.

 

3. Nafarroako Parlamentuak erabaki du terrorismoaren biktimen eta haien familien duintasuna eta memoria bortxatzen duen edozein ekintza errefusatzea.

 

4. Nafarroako Parlamentuak erabaki du terrorismoaren biktimen testigantzak, bizipenak eta gogoetak dokumentatzea, ezagutarazpen-modu gisa ez ezik, baita indarkeria, isiltasuna eta, batzuetan, gizartearen zati handi baten ahanztura jasan duten pertsonekiko hurbiltasun- eta enpatia-modu gisa ere.

 

5. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bake- eta bizikidetza-balioetako hezkuntzaren arloak indartzea, indarkeria deslegitimatuz, giza eskubideekiko errespetua sustatuz eta Nafarroako gizarteak memoria amankomun baten eta iraganarekin frogatzeko moduko kontakizun baten eraikuntzan parte har dezan bultzatuz.

 

6. Nafarroako Parlamentuak erabaki du Nafarroako Gobernuarekin ekitaldi bateratua egitea martxoaren 11n, 11:30ean, Baluarte plazan, adierazpen hau irakurtzeko eta lore eskaintza egiteko.