Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Urriak 14

Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die Rojavan (Siria) Turkiaren erasoaren ondorioz izandako biktima guztiei

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak onetsi du. 2019ko urriaren 14an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die Rojavan (Siria) Turkiaren erasoaren ondorioz izandako biktima guztiei. EH Bildu talde parlamentarioak, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren 1. eta 2. puntuak aho batez onartu dira. Berriz, 3., 4. eta 5. puntuak Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoaren botoekin onetsi dira, eta Navarra Suma eta PSN abstenitu egin dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die Rojavan hildakoei eta zauritutakoei, bai eta haien familiei ere, beren herrien aurkako bonbardaketa indiskriminatuak pairatu baitituzte.

 

2. Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen du Recep Tayyip Erdoganen erregimenak Siriako iparraldean bultzatutako inbasioa eta exigitzen du Turkiaren alde bakarreko ekintza militarra etetea.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio modu argi eta irmoan ager dezan Turkiak Siriako iparraldean burututako inbasioaren eta kurduen garbiketa etnikoaren ahaleginaren aurkako jarrera Europar Batasunaren baitan eta, halaber, eskatzen die Espainiako Gobernuari, EBri eta NBEari lan egin dezaten eraso hori berehala eteteko.

 

4. Nafarroako Parlamentuak eskatzen dio Espainiako Gobernuari erretira ditzan Espainiak Turkian dituen soldaduak eta eten dezan estatu horrekiko arma salmenta egoera konpondu arte.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Turkiako enbaxadari, Kanpo Arazoetarako Ministerioari eta Europar Batasuneko nahiz Nazio Batuen Erakundeko organo eskudunei igorriko die adierazpen hau”.