Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Abenduak 16

Nafarroako Parlamentuak dei egiten die Nazio Batuen idazkari nagusiari eta goi-komisarioari, Saharako kasuaz arduratu daitezen

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko abenduaren 16an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak dei egiten baitie Nazio Batuen idazkari nagusiari eta goi-komisarioari, Saharako kasuaz arduratu daitezen. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarioen elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

Dei egiten die Nazio Batuen idazkari nagusi Guterres jaunari eta giza eskubideetarako goi-komisario Michele Bachellet andreari, Saharako kasuaz arduratu daitezen. Garrantzitsua da Fronte Polisarioarekin eta Marokorekin bil daitezen, MINURSOk autodeterminazio-prozesua burutu ahal izan dezan eta lurralde okupatuetan Marokoren okupazioaren biktima diren sahararren babesa eta haien giza eskubideak berma ditzan.

 

Europako Batzordeari eta Kanpo Politikarako goi-ordezkari berri Josep Borrelli gogorarazten die euren betebeharra dela Europako Justizia Auzitegiaren epaiak errespetatzea eta Fronte Polisarioarekiko lankidetza-akordioak negoziatzea, hura baita saharar herriaren ordezkari bakar eta legitimoa.

 

Espainiari erregutzen dio 1975eko azaroaren 14an Espainiak, Marokok eta Mauritaniak sinatutako Madrileko Hiruko Akordioen deuseztasuna deklara dezan, Mendebaldeko Sahararen okupazio ilegalari ateak ireki baitzizkion.

 

Gogorarazten du juridikoki Espainiak jarraitzen duela izaten lurraldea administratzen duen potentzia.

 

Eskatzen du saharar herriaren eskubideak eta interesak defendatzeko behar duen laguntza politikoa eta humanitarioa eman dakion Fronte Polisarioari.

 

Nazioarteko erkidegoari dei egiten dio –batik bat, Nazio Batuei eta Segurtasun Kontseiluari– lan egin dezan saharar herriak bere bidezko eskubideak baliatu ahal izan ditzan.

 

Etengabe dei egiten dio Frantziari –Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan eta Europar Batasunean eragin handia duen kidea den aldetik–, trabak jartzeko bere politika amaiaraz dezan eta Mendebaldeko Saharako gatazkarako konponbide bat bilatzeko lan egin dezan, Nazio Batuen kasuko ebazpenekin bat.

 

Dio konbentzituta dagoela Mendebaldeko Saharako gatazka konpontzea lagungarria izanen dela Magreb batu bat eraikitzeko, non bertako herriek aske, berdintasunean eta beren buruaren jabe bizi ahal izanen baitute.

 

Marokori eskatzen dio aske utz ditzan Gdeim Izik-eko preso politikoak, Mahfuda Bamba Lefkir oraintsu atxilotua nahiz saharar preso politiko guztiak, Marokoko espetxeetan ahitzen ari direnak”.