Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Maiatzak 6

Nafarroako Parlamentuak Covid-19ari buruzko araudi osoa jaso eta bere web orrian argitaratzen du

Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuak prestatutako dosierrek aurkibide bat dute, eta handik irits daiteke arau zehatzaren erreprodukzio digitalera

Covid-19ak eta konfinamenduak eragindako krisian, Nafarroako Parlamentua ahalegindu da baldintza zailak gainditzen eta nafar guztiak ordezkatzen dituen erakundearen funtzionamendua mantentzen.

 

Ahalegin hori zenbait norabidetan gauzatu da: bilkurak eta bozketa-sistemak eraldatu dira Parlamentuaren organoek funtzionamendua ziurtatzeko, telelana antolatu da parlamentariek eta funtzionarioek gaiak eta espedienteak normaltasunez izapidetzen jarrai dezaten, eta abar.

 

Ahalegin horren beste alderdi bat izan da pandemiaren ondorioz sortzen ari diren arau guztiak bildu eta antolatzea, parlamentariek nahiz alderdi politikoek eta erakundeek behar adina informazio eta dokumentazio izan dezaten beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko.

 

Xede horrekin, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuak zenbait dokumentazio dosier prestatu ditu, bai eta maiatzaren 30era arteko eguneratzeak ere. Dosier horiek funtsezko lau esparru hartzen dituzte: Gorte Nagusien eta autonomia erkidegoetako parlamentuen araudia, Nafarroako Gobernuaren araudia, Estatuko araudia eta Autonomia erkidegoetako gobernuen araudia.

 

Dosier bakoitzak aurkibide bat du, eta handik irits daiteke arau zehatzaren erreprodukzio digitalera.

 

Dosierrak Parlamentuaren web orrian daude, “Berezia, Covid-19 koronabirusa dela-eta” atalean. Atal horretara web orriaren azaleko bannerretik irits daiteke, bai eta esteka honetatik ere: (https://www.parlamentodenavarra.es/eu/contenido/berezia-covid-19-koronabirusa-dela-eta).