Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Maiatzak 25

Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du Saharako herriak autodeterminaziorako eskubidea duela, Nazio Batuen ebazpenekin bat

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko maiatzaren 25ean

- Eledunen Batzordeak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baitu Saharako herriak autodeterminaziorako eskubidea duela, Nazio Batuen ebazpenekin bat. “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berresten du Saharako herriak autodeterminazio-eskubidea daukala, Nazio Batuek emandako ebazpenekin bat.

 

2. Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du, Espainiak, Lurraldeko potentzia administratzaile gisa, orain de iure, bere gain hartu zuela Nazioarteko Komunitatearen aurrean "saharar populazioaren interesak babestea eta bere erakunde politikoak garatzea, Gobernu propioaren osotasunera eramateko".


3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu Saharako herriaren askatasunaren alde eta eskubide legitimoak berreskuratzearen alde onetsi diren adierazpen instituzional eta gainerako erabaki guztiak.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Marokok legez kanpo okupatzen duela Mendebaldeko Sahara eta ez zaiola inolako subiranotasunik aitortzen.

 

5. Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Marokok preso sahararrak atxilotzen dituela, nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratuz; izan ere, atzerriko indar militar batek modu arbitrarioan okupatutako lurraldeetan atxilotu izan ditu, haiek zigortzeko saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubidearen alde egiteagatik.

 

6. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du Izikeko presoak eta Marokoko kartzeletan eta Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan dauden preso saharar guztiak berehala askatzeko.

 

7. Nafarroako Parlamentuak Marokori eskatzen dio Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan sahararrek jasaten duten giza eskubideen urraketa bertan behera uzteko; era berean, agintari marokoarrak premiatzen ditu Marokok okupatzen duen Mendebaldeko Saharako zatian giza eskubideen aldeko ekintzaileen jazarpenak bertan behera uzteko.

 

8. Dei egiten die Nazio Batuen idazkari nagusi Guterres jaunari, eta Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi komisario Michele Bachellet andreari, Marokoko kartzeletan preso sahararrek bizi duten egoeraz interesatzeko eta preso horiek lehenbailehen askatzeko beharrezko neurriak har ditzaten.

 

9. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Marokoko kartzeletan preso sahararren egoera gertutik jarraitzeko”