Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urtarrilak 7

Nafarroako Parlamentuak berresten du LGTBI kolektiboari agertutako aldekotasuna, jarrera eta portaera homofoboak errefusatzen ditu eta elkartasuna adierazten dio Koldo Martinez senatariari

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko urtarrilaren 7an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berresten baitu LGTBI kolektiboari agertutako aldekotasuna, jarrera eta portaera homofoboak errefusatzen baititu eta elkartasuna adierazten baitio Koldo Martinez senatariari. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere aldekotasuna agertzen dio LGTBI+ kolektiboari, eta LGTBI+ pertsonek halakoak izate hutsagatik pairatzen duten askotariko bazterkeriak desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bai eta neurriak hartzekoa ere, pertsona guztien egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko bidean aurrera egiteko, alde batera utzita haien sexu-orientazioa eta sexu- edo genero-identitatea.

 

2. Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen ditu jarrera eta portaera homofoboak, uste baitu onartezinak direla eta erakusten dutela oraindik lan handia dugula egiteko sentsibilizazioaren eta kontzientziazioaren bidean.

 

3. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten dio Koldo Martínez Urionabarrenetxea senatari autonomikoari, duela gutxi jasan duen eraso homofoboa dela-eta”.