Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 29

Nafarroako Parlamentuak bere gaitzespena adierazten du Tomás Caballeroren hiltzailearen figura aldarrikatzeak suposatzen duen “terrorismoaren apologia”

Legebiltzarrak errefusatu egiten du Trenasak gutxienez sei hilabetez 113 kontratu etetea, eta, hori egin duela baieztatuz gero, inbertitutako kapital publikoa berreskuratzeko eskatzen dio Gobernuari

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere gaitzespen eta errefusa erabatekoena adierazten baitu terrorismoaren apologia jendaurrean erakustearen aurrean, horixe izan baita ordezkari demokratiko baten, Tomás Caballeroren, hiltzailearen figura aldarrikatzea. Navarra Suma eta PSN talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin onetsi dira 1, 2 eta 4. puntuak. 3. puntua, berriz, Navarra Suma eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioekin eta EH Bilduren aurkako botoekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1.- Gaitzespen eta errefusa erabatekoena adierazten du terrorismoaren apologia jendaurrean erakustearen aurrean, horixe izan baita ordezkari demokratiko baten, Tomás Caballeroren, hiltzailearen figura aldarrikatzea.

 

2.- Indar demokratikoek beren konpromisoa berresten dute ETA talde terroristaren legatuaren gizarte-porrota lortzeko, bai eta haren izuaren, totalitarismoaren eta minaren estigma irudikatu zuen guztiarena ere.

 

3.- ETA talde kriminalaren biktima errugabeei hainbesteko mina egiten dieten terroristekiko babes ekintza horiek eragozteko eta haien egileak zigortzeko beharrezkoak diren lege-ekintza guztiak eskatzen eta babesten ditu.

 

4.- Tomas Caballeroren senitartekoei eta terrorismoaren biktima guztiei Nafarroako Parlamentuaren babesa eta elkartasuna berrestea, hain arbuiagarriak diren ekintzek –eta horixe da hiltzaileei publikoki babesa erakustea– berriz ere kolpatu baitituzte.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten baitu Trenasak gutxienez sei hilabetez 113 kontratu etetea, eta, hori egin duela baieztatuz gero, inbertitutako kapital publikoa berreskuratzeko eskatzen baitio Gobernuari. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

1. eta 2. puntuak EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin onetsi dira. 3. puntua, berriz, aho batez onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du TRENASAko zuzendaritzak gutxienez sei hilabetez 113 kontraturen etendura aplikatzeko egindako proposamena, eta aldezten du ez dagoela horretarako antolamendu-arrazoirik, ez arrazoi ekonomikorik, ez eta produkziokorik ere.

 

- Nafarroako Parlamentuak, espediente hori aplikatzen bada –halakorik nahi ez badu ere–, Nafarroako Gobernua premiatzen du egokitzat jotzen dituen ekintza guztiak egin ditzan enpresa horretan inbertitutako kapital publikoa berreskuratzeko.

 

- Nafarroako Parlamentuak animoa eta indarra emateko mezua helarazten die langile guztiei eta haien familiei, eta, era berean, babesa helarazten die beren eskubideak eta lanpostuak aldezteko deitzen diren mobilizazio guztiei”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berriz ere erakutsi baitu konpromiso osoa duela herri palestinarrak bere lurraldean bakean bizitzeko duen eskubidearekin. PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

1. puntua aho batez onetsi da. 2 eta 3 puntuak PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren abstentzioekin onetsi dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"- Nafarroako Parlamentuak berriz ere erakutsi du konpromiso osoa duela Palestinako herriak bere lurraldean bakean bizitzeko duen eskubidearekin.

 

- Nafarroako Parlamentuak, Zisjordaniaren anexio partziala gauzatzen bada, Israelekin dituzten harreman diplomatikoak berehala berrikusteko eskatzen die Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari.

 

- Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari eskatzen die ezen, Zisjordaniaren anexio partziala gauzatzen bada, berehala ezar dezatela Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa honen erantzule diren gizabanakoen aurkako zigor politiko eta ekonomikoen esparru bat".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari eskatzen baitie, ezen, Zisjordaniaren anexio partziala gauzatzen bada, Israelekin dituen harreman diplomatikoak berehala hauts ditzatela. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

1. eta 3. puntuak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Suma eta PSNren abstentzioekin onetsi dira. 2. puntua, berriz, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai, Navarra Suma eta PSNren abstentzioekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"- Nafarroako Parlamentuak berriz ere erakutsi du konpromiso osoa duela Palestinako herriak bere lurraldean bakean bizitzeko duen eskubidearekin.

 

- Nafarroako Parlamentuak, Zisjordaniaren anexio partziala gauzatzen bada, Israelgo Gobernuak horixe iragarri baitu uztailaren 1erako, Israelekin dituzten harreman diplomatikoak berehala hausteko eskatzen die Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari.

 

- Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari eskatzen die ezen, anexio hori gauzatzen bada, berehala ezar dezatela zigor ekonomiko eta ekonomikoen esparru bat, bere garaian Hegoafrikako Apartheidarekin zegoenaren parekoa".