Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 29

Nafarroako Parlamentuak bere gaitzespen eta errefusa erabatekoena adierazten du terrorismoaren apologia jendaurrean erakustearen aurrean, horixe izan baita ordezkari demokratiko baten, Tomás Caballeroren, hiltzailearen figura aldarrikatzea

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko ekainaren 29an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere gaitzespen eta errefusa erabatekoena adierazten baitu terrorismoaren apologia jendaurrean erakustearen aurrean, horixe izan baita ordezkari demokratiko baten, Tomás Caballeroren, hiltzailearen figura aldarrikatzea. Navarra Suma eta PSN talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin onetsi dira 1, 2 eta 4. puntuak. 3. puntua, berriz, Navarra Suma eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioekin eta EH Bilduren aurkako botoekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1.- Gaitzespen eta errefusa erabatekoena adierazten du terrorismoaren apologia jendaurrean erakustearen aurrean, horixe izan baita ordezkari demokratiko baten, Tomás Caballeroren, hiltzailearen figura aldarrikatzea.

 

2.- Indar demokratikoek beren konpromisoa berresten dute ETA talde terroristaren legatuaren gizarte-porrota lortzeko, bai eta haren izuaren, totalitarismoaren eta minaren estigma irudikatu zuen guztiarena ere.

 

3.- ETA talde kriminalaren biktima errugabeei hainbesteko mina egiten dieten terroristekiko babes ekintza horiek eragozteko eta haien egileak zigortzeko beharrezkoak diren lege-ekintza guztiak eskatzen eta babesten ditu.

 

4.- Tomas Caballeroren senitartekoei eta terrorismoaren biktima guztiei Nafarroako Parlamentuaren babesa eta elkartasuna berrestea, hain arbuiagarriak diren ekintzek –eta horixe da hiltzaileei publikoki babesa erakustea– berriz ere kolpatu baitituzte.