Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Martxoak 2

Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die sexu-indarkeriatik bizirik atera direnei, bereziki Afrikako lekualdatzeen eta gatazka armatuen testuinguruetan

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2020ko martxoaren 2an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitie sexu-indarkeriatik bizirik atera direnei, bereziki Afrikako lekualdatzeen eta gatazka armatuen testuinguruetan. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die sexu-indarkeriatik bizirik atera direnei, bereziki Afrikako lekualdatzeen eta gatazka armatuen testuinguruetan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak babesa ematen die bizirik atera direnentzako aukerak sortzeko lan egiten duten eta egoera hori sorrarazten duten egiturazko arrazoiak salatzen dituzten organizazioei.

 

3. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Nafarroako gizartean abegikortasunaren kultura eraikitzen eta indarkeria- eta gatazka-egoera horietatik ihes egiten duten pertsona migratzaile eta errefuxiatuak hartzen lan egiteko.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako, Espainiako eta Europako erakundeen aurrean lan egiten jarraitzeko borondatea du, kausa eta pertsona horiek artatzen ari diren nazioarteko lankidetza-prozesuak indartzeko. Horretarako, aurrekontu-konpromisoak beteko ditu, eta elkarrekiko ikaskuntzei eta bizirik atera diren pertsonen eta haien familien bizi-bitartekoei garrantzia emanen dieten kalitatezko programak beteko ditu.

 

5. Nafarroako Parlamentuak teknologiaren kontsumo arduratsua sustatzeko konpromisoa hartzen du, eta ohartzen da teknologia hori posible egiten duten mineralak gatazkan dauden eremuetatik datozela gehienbat; esaterako, Kongoko Errepublika Demokratikotik.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bere babesa ematen die "Aldizkako Azterketa Unibertsala" izeneko txostenean egindako gomendioei, zeina Nazio Batuek egin baitute Kongoko Errepublika Demokratikoan giza eskubideak direla eta.