Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Abenduak 16

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Migratzailearen 2019ko Nazioarteko Egunarekin

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko abenduaren 16an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Migratzailearen 2019ko Nazioarteko Egunarekin. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentariek alkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Migratzailearen 2019ko Nazioarteko Egunarekin, zeina heldu den abenduaren 18an ospatuko baita, eta erakundea den aldetik, ekimenak sustatuko ditu Migratzailearen 2020ko Nazioarteko Eguneko ospakizunetarako jarduera propioak prestatzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aldezten du giza eskubideen errespetuari eta pertsonen biziaren babesari lehentasuna ematea, kontu politiko edo ekonomizista ororen gainetik.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dei egiten dio Espainiako Gobernuari ahotsa duen nazioarteko foro guztietan aldeztu ditzan giza eskubideekiko errespetuan oinarritzen diren migrazio politikak.

 

4. Nafarroako Parlamentuak uste du inklusioa eta bizikidetasuna ekintza politikoaren lehentasunak direla, jakitun baita aniztasuna aberastasuna dela alor desberdin askotan. Horrekin lotuta, Parlamentuak, Migratzailearen Nazioarteko Egunaren karietara, ospatzen du duela gutxi Nafarroak bat egin duela Integrazioaren Aldeko Hiri eta Erregioak izeneko Europako ekimenarekin, eta Foru Komunitateko udal eta toki entitateak animatzen ditu, era berean, bat egin dezaten ekimen horrekin.

 

5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du dagokion batzordeetan eginen diren lan bilkuretan ahotsa emateko pertsona migratzaileei, beren lekukotasunaren bidez azal ditzaten horietako askok pairatzen dituzten nekeak etorkizun hobe bat bilatzeko ahaleginean. Horrekin lotuta, Nafarroako Parlamentuak bermatuko du hizlariek erabateko askatasuna izan dezaten Parlamentuan agertzeko eta hura baliatzeko beren egonezinen bozgorailu gisa, administrazio-egoera kontuan hartu gabe”.