Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 22

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin

Krisi hau bukatzean irakaskuntzako irakasleek egoera makurragoa izan ez dezaten eskatu du Legebiltzarrak, eta Skolae-ren epaiaren aurka errekurtsorik ez jartzeko Navarra Sumak egindako eskaera atzera bota dute

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela gure foru erkidegoko irakaskuntzako langileen lan-egoera bermatzea. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

1. puntua Navarra Suma eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta EH Bilduren eta I-Eren abstentzioarekin eta PSNren eta Podemos Ahal Duguren aurkako botoekin onetsi da.

 

2. puntua Navarra Sumaren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta PSNren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Hortaz, Nafarroako Parlamentuak:

 

- Uste du beharrezkoa dela bermatzea gure foru erkidegoan ez dela irakaskuntzako langilerik egonen, krisi hau bukatzen denean, krisia hasi zenean baino egoera makurragoan.

 

- Uste du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak berriro luzatu behar duela Irakaskuntza Itunduarekin 2017an sinatu eta 2019an luzatu zen akordioa, egungo baldintza beretan, gutxienez ere urte hau bukatu arte, halako moduan non langileen ordezkaritzak aukera izanen baitu egin ezin izan diren negoziazioei ekiteko eta Nafarroako 2021eko aurrekontuetan hitzartzen diren baldintzak jasotzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du irakaskuntza publikoa eta irakasle-lana indartzearen aldeko apustua. Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek eta Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos Ahal Duguk aldeko botoa eman dute. PSNk eta I-Ek 1. puntuaren aldeko botoa eta 2. puntuaren kontrako botoa eman dute. Navarra Sumak 1. puntuaren aldeko botoa eman du eta abstenitu egin da 2. puntuan.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du irakaskuntza publikoa indartzearen aldeko apustua, zeina bereziki beharrezkoa baita pandemiatik heldu den testuinguru honetan, eta berretsi egiten du Nafarroako Gobernuari egin zion eskaria, Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunean ezarritakoa betetzen jarrai dezan eta, bereziki, Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Plana dela-eta aurkeztutako proposamenen eztabaidan ekainaren 10ean aho batez onetsi zena betez, 2020-2021 ikasturtean berma dezan 57 urtetik goitiko irakasleen lanaldia murriztea eta landa-eremuko eskoletan zuzendaritza-eginkizunetarako aurreikusitako ordu-kopurua handitzea. Horren guztiaren berri eman behar zaie sindikatuei itunaren jarraipena egiteko batzordean.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aurreko legegintzaldian hezkuntza itunduaren esparruan ezarritako negoziazio-esparrua berreskuratzearen aldeko apustua egiten du –irakasleen ordezkari diren sindikatuek parte hartzen dute bertan–, kontratazioaren arloko parte-hartzearen eta gardentasun handiagoaren nahiz baliabide publikoak erabiltzearen berme den aldetik. Hortaz, egun indarrean dagoen akordioa 2020ko abenduaren 31ra bitarte luzatzearen aldeko apustua egiten du, bitarte honetan patronalarekiko eta sindikatuekiko negoziazio errealerako prozesu bat abiaraz dadin”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita. Adierazpena EH Bildu talde parlamentarioak eta Podemos Ahal Dugu foru parlamentariek elkarteak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina 2020ko ekainaren 28an –igandea– eginen baita.

 

2. Nafarroako Parlamentuak sexu-askapenaren bandera –ortzadarraren bandera– jarriko du ikusteko moduko leku batean, heldu den ekainaren 28an LGTB kolektiboaren harrotasunaren eguna dela-eta, LGTB+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezartzen denez.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak osorik garatzea LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezarritakoa eta bete dadila bermatzea.

 

4. Nafarroako Parlamentuak aitortu egin nahi du LGTBI+ mugimenduaren konpromisoa, eta uste du mugimendu hori funtsezkoa izan dela LGTBI+ kolektiboaren giza eskubideak legez aitortzeari begira izandako aurrerabidean.

 

5. Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da lan egitea erakunde eredugarria izateko eskubide-berdintasunaren eta sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta ez diskriminatzearen aldeko borrokan, eta hartara diskriminazio-egoera horiek borrokatzera bideratutako beharrezkoak diren ekintzak bultzatuko ditu; hartara, foru legea betetzen dela zorrotz begiratuko du.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazi nahi die Nafarroan nahiz gure erkidegotik kanpo beren sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta erasorik, mespretxurik edo diskriminaziorik pairatu duten pertsona guztiei; bereziki, errepresioa are heriotza-zigorra, jazarpena edo espetxeratzea pairatzeraino irits daitekeen herrialdeetan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita. Adierazpena lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina 2020ko ekainaren 28an –igandea– eginen baita.

 

2. Nafarroako Parlamentuak sexu-askapenaren bandera –ortzadarraren bandera– jarriko du bere fatxadan, heldu den ekainaren 28an LGTB kolektiboaren harrotasunaren eguna dela-eta, LGTB+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezartzen denez.

 

3. Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzional bat eginen dute ekainaren 26an –ostirala–, 12:00etan, LGTBI+ kolektiboekin batera gure eraikinaren sarreran, LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Eguna ospatzeko.”

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentua premiatzen du 0tik 3 urtera bitarteko ikastetxe publiko eta pribatuak berriro ireki ahal izateko baldintzak ezar ditzan. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak honako hau dio:

 

1. 0tik 3 urtera bitarteko etapa hezkuntza-etapa bat da, hala hartu behar da eta, hortaz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari dagokio etapa hori antolatzea, baimentzea, kontrolatzea eta une oro ebaluatzea, eta ez da onargarria laguntza-izaerakoa soilik balitz bezala hartzea, kontziliazioa eragingarriagoa egiteko; hortaz, ez da onargarria Nafarroako Gobernuko beste departamentu batek hori arautzea”

 

Jatorrizko testuak beste puntu bat zeukan, PSN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin atzera bota dena; honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari Gimeno jaunari eskatzen dio berehala eman dezan foru agindu bat, behin betikoz ezarriko duena zer baldintzatan ireki behar diren etapa horretako ikastetxe publiko eta pribatuak, prebentzioko zer osasun-baldintza bete behar dituzten hezitzaileek, haurrek eta gurasoek, eta zein izanen diren 2020-2021 ikasturterako lan-baldintzak”.

 

- Eledunen Batzarrak atzera bota du adierazpen instituzional bat egiteko proposamen bat, Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztua, zeinaren bidez eskatzen baitzen Nafarroako Gobernuak ez dezan errekurtsorik jar Skolae programari buruzko ekainaren 16ko 141/2020 epaiaren aurka.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute; eta Navarra Sumak alde bozkatu du.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Nafarroako Gobernuari exigitzen dio ez dezan errekurtsorik jar Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren ekainaren 16ko 141/2020 epaiaren aurka

 

2. Orobat exigitzen du berehala geldiaraz dadin programa horren aplikazioa; izan ere, epai judizialak agerian utzi du ez dela bete Skolae programa ezartzeko ezarritako legezko prozedura, eta horrek ziurgabetasun juridikoa dakar.

 

3. Orobat exigitzen du legeztatzeko bete beharreko prozeduraren ondorioz ateratzen den programak Nafarroako ikastetxeetan ahalbidetu ditzan hezkidetza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta hezkuntza afektibo-sexuala, kontuan hartuta betiere ukitutako profesionalak eta nafar familiak, gure hezkuntza sisteman urte askoan egin izan den moduan”.