Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Urriak 7

Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunarekin

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2019ko urriaren 7an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du:

 

Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Itun berri bat gara dezan 2020ko urriaren 17rako, data horretan Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen baita.

 

2007. urtean sinatutakoa berritu eta gaurkotuko duen itun bat, zeinean honako hauek jasoko baitira:

 

1. Bada agindu etiko, sozial, politiko eta ekonomiko bat, pobrezia desagerrarazteko helburua lortzeko eta gizarte-kohesioa lortzeko.

 

2. Estatua 2030eko Agendari eta Garapen Jasangarriko Helburuak garatzeari atxikitzea adostasun politiko eta sozialeko osagai sendo bat da pobrezia eta desberdintasuna desagerrarazteko, bai herrialde txirotuengan, bai gure ingurunean, eta helburu horiek beteko direla bermatzeko nazioarteko erkidegoak ahalegin etengabea egin behar duela.

 

3. Nafarroako Gobernua agendari eta haren helburuak betetzeari atxiki zitzaion urte bereko apirilean, hura betetzeko behar zen ahalegina babesteko konpromisoarekin.

 

4. Ekonomia solidarioa –zeinak bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, enpresa solidarioak eta finantza solidarioak jasotzen baititu– Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeari begira beharrezkoa den eredu baten gisa planteatzen da, eta bazterkeriaren nahiz pobreziaren zergatien aurkako borrokan parte hartzen du, garapen iraunkor bat sustatuz eta gaurko nahiz etorkizuneko belaunaldien beharrizanak jasoz.

 

5. Nafarroako botere publiko eta eragile politiko eta sozial guztien erantzukizuna da pertsona guztien eskubideen legitimazioa indartzea eta lortzea Nafarroan aporofobiarik ez gertatzea. Eta kohesio sozial handiagoak eskatzen du, aldi berean, pobrezia eta gizarte bazterketa desagerrarazteko politika publikoak, ukitutako dimentsio guztiak jasoko dituzten politika eraginkorrak sustatuz (etxebizitza, osasuna, enplegua eta prestakuntza, hezkuntza, haurtzaroa eta gazteria...), eta baliabideak direla-eta behar adinako eta beharrezkoa den zuzkidura edukiz.

 

6. Ahalegin solidario hau garatzen duen esparru instituzional eta politikoa hainbat legegintzalditan egindako lanaren fruitu eta herritarren ondare amankomuna da, akordio politikoaren eta herritarren mobilizazioaren fruitu. Iraganean hartutako konpromisoak gaurkotu beharra dago konpromiso horiek egiaz bete daitezen lortzeko eta errealitate politiko eta sozial berrien arabera areagotu daitezen. Borondate hori Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Ituna gaurkotuz gauzatu behar da, ulerturik lankidetzarako politika eta gizarte-politikak ezin direla interes partidisten mende egon”.