Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Maiatzak 12

Nafarroako Parlamentuak astearte honetan Erizaintzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginen du

Eraikinaren aurrealdea urdinez argiztatuko da erizaintzako profesionalek aurrera eramandako langintza goresgarriari babesa emateko

Nafarroako Parlamentuaren aurrealdea urdinez argiztatuko da astearte honetan, maiatzak 12 (21:00etatik 24:00 arte), Erizaintzaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko.

 

Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialaren eta Osasun Departamentuaren gidaritzapean 2018an sortutako Nafarroako Nursing Now taldearen proposamenari erantzuten dio akordioak, zeinak Osasunbideako eta osasun zentro pribatuetako asistentzia-maila guztietako ordezkariak dituen.

 

Legebiltzarraren omenaldi hau pasa den apirilaren 6az geroztik egiten ari denari gehitu egiten zaio, izan ere, Legebiltzarraren egoitza gauero berdez argiztatzen ari da (21:00etatik 24:00etara), Covid-19ak eragindako osasun alarma egoerak dirauen bitartean, osasun eta gizarte arloko langile guztiei babesa emateko.

 

Eledunen Batzarrak pasa den martxoaren 9an adierazpen instituzional bat onetsi zuen aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu datorren maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzearekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu zuten.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du datorren maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzearekin, eta konpromisoa hartzen du Parlamentuaren fatxada lanbide horren bereizgarri den kolore urdinaz argitzeko.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak aldeztu egiten ditu Nursing Now kanpaina eta erizaintzako profesionalek aurrera eramandako langintza goresgarria.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa berresten du, taldeak sustaturiko erizaintza-lanbidearen aldeko kanpainak eta mezuak aldeztu eta haietan parte hartzekoa".