Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 8

Nafarroako Parlamentuak arrazakeriaren aurkako eta giza eskubideen urraketa dakarren egoera ororen aurkako borrokarekiko konpromisoa adierazten du

Legebiltzarrak Zisjordaniaren anexioa eta eskualde horretan garbiketa etnikoa egiteko saiakerak arbuiatzen ditu eta “Bi metro, zure konpromisoaren neurria” kanpainarekin bat egin du

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen baitu arrazakeriaren aurkako borrokarekin. EH Bildu talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arrazakeriaren aurkako borrokarekiko konpromisoa eta giza eskubideen urraketa dakarren egoera ororen aurkakoa adierazten du, eta bere egiten du bere baitan gorroto eta sumin diskurtsorik ez toleratzeko konpromisoa ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere babesa eta elkartasuna adierazten dizkie oraindik ere diskriminazio, arrazakeria eta xenofobia egoerak pairatzen dituzten pertsona eta kolektibo guztiei.

 

3. Nafarroako Parlamentuak era guztietako neurriak abiaraziko ditu bere eskumenen esparruan, pertsona ororen eskubideen eta askatasunen aurka doan jarduketa-mota oro eragozteko; bereziki, administrazio publikoen esparruan eta giza eskubideen aurka doazen gisa horretako jokabide gaitzesgarriak ohikoak diren espazioetan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gure gizartetik jokabide nahiz adierazpide arrazista edo xenofobo oro desagerrarazteko xedez egiten diren kanpainak eta ekitaldiak babestu eta sustatuko ditu, gizarte justu eta demokratiko bat, giza eskubideen errespetuan oinarritua eta guztiok eskubideei dagokienez berdinak garena, eraikitzeko xedez” (10-20/DEC-00040).

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten baitu datorren uztailaren 1ean Israelek egin nahi duen Zisjordaniaren anexioa, Jordango Harana barne, eta arbuiatu egiten baititu eskualde horretan eta Jerusalem Ekialdean garbiketa etnikoa egiteko saiakerak. EH Bildu talde parlamentarioak, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde mistoak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Navarra Suma abstenitu egin da 1. puntuan eta aurkako botoa eman du gainerakoan; eta PSN abstenitu egin da 1. puntuan eta gainerakoaren alde bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du Zisjordaniaren anexioa, Jordango Harana barne, Israelek heldu den uztailaren 1ean egin nahi duena, eta arbuiatu egiten ditu eremu horretan eta 1967tik formalki anexionatuta dagoen Jerusalem Ekialdean garbiketa etnikoa egiteko saiakerak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aldeztu eta babestu egiten ditu Palestinako herriak bere autodeterminazioaren eta burujabetzaren defentsan gehiengoz hartzen dituen erabakiak, eta haren borrokarekin bat eginen du bere esku dauden elkartasun-ekintza guztiekin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari exigitzen dio arma-salerosketa oro debekatu dezan, Israelen dron militarren erosketa barne, arma kriminal gisa erabili baitira palestinarren aurka eta, orain, EBren kanpo-mugak zaintzeko ere erabiltzen ari baitira.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasuna eta bere estatu kide guztiak premiatzen ditu Palestinako Estatua, Jerusalem hiriburu duela, aintzatets dezaten, eta EBren merkatu bakarrean debekatu daitezen Israelgo kokagune ilegaletako produktu guztiak, legez kanpoko egoera ez onartzeko EBk duen betekizunean oinarrituta; izan ere, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Palestinako auzirako duen errelatore berezi Michael Lynk-ek adierazi bezala, hori da kokaguneak etengabe hedatzea ekiditeko modu bakarra.

 

5. Parlamentuak errefusatu egiten du Palestinako lurralde okupatuetan erabili diren dronak erostea Israeli Europar Batasunak, bai eta Mediterraneoan erreskateko ontziak ordezkatzen ahal dituzten dronak erabiltzea ere, horrela erreskatatzeko betebeharrari muzin egiten baitzaio.

 

Adierazpen instituzionalak azken puntu bat zeukan, baztertu egin dena Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik emandako aurkako botoekin, eta honako hau zioena: "Nafarroako Parlamentuak exigitzen du eten daitezela Israelen eta Europar Batasunaren arteko harremanak".

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu “Bi metro, zure konpromisoaren neurria” kanpainarekin; hartara, bi olana jarriko ditu gure eraikinaren fatxadan, herritarrak pandemia gainditzeko norberaren jokabidearen garrantziaz kontzientziatzeko mezuekin. Legebiltzarreko Lehendakariak aurkeztu du.

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du “Bi metro, zure konpromisoaren neurria” kanpainarekin; hartara, bi olana jarriko ditu gure eraikinaren fatxadan, herritarrak pandemia gainditzeko norberaren jokabidearen garrantziaz kontzientziatzeko mezuekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Nafarroako Gobernuaren, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren gomendioekin, osasun publikoa dela-eta uda honetan herrietako jairik egin ez dadin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dei egiten die herritarrei erantzukizunez joka dezaten, birusa berriz agertzeko arriskua minimizatze aldera osasun agintariek emandako gomendioak bete ditzaten, orain arte bezala”.