Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Abenduak 9

Nafarroako Parlamentuak aldeztu egiten du salbuespenezko egoetara mugatzea irailaren hasiera aldean hiru soldadu hil izanaren ondorioz Guatemalako Errepublikan ezarritako Sitio Egoera

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko abenduaren 9an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak aldeztu egiten du salbuespenezko egoetara mugatzea irailaren hasiera aldean hiru soldadu hil izanaren ondorioz Guatemalako Errepublikan ezarritako Sitio Egoera. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Kontuan izanda Sitio Egoerak herritarren oinarrizko eskubideei begira dakartzan murrizketa larriak, Nafarroako Parlamentuak aldezten du salbuespenezko neurri hori hertsiki mugatzea, Guatemalako Konstituzioak ezartzen duen moduan, “lurraldearen inbasioa, bakearen nahasmendu larria, Estatuaren segurtasunaren aurkako jarduera edo hondamendi publikoa” egiaz ekar ditzaketen egoeretara.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Sitio Egoeraren deklarazioa eragin zuten egitateak independentziaz eta azkar ikertzea bermatuko duen instrukzio baten aldeko hautua egiten du, bai eta giza eskubideak aldezten dituzten pertsonen aurkako erasoak independentziaz eta azkar ikertzearen alde ere.

 

3. Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Giza Eskubideen Prokuradoretzak eta Giza Eskubideen aldeko Goi-komisarioaren Bulegoak ukitutako udalerrietan giza eskubideen egoera zorrotz monitorizatzea eta kontrolatzea babestu eta erraztu dezala Guatemalako Errepublikako Gobernuak, Sitio Egoerak indarrean dirauen bitartean.

 

4. Nafarroako Parlamentuak giza eskubideen defentsa lohitu eta zailduko duten diskurtsoak eta ekimenak ez sustatzearen aldeko hautua egiten du, Giza Eskubideen Prokuradoretzak eta Nazio Batuen Erakundeak Guatemalan duen Giza Eskubideen aldeko Goi-komisarioaren Bulegoak egindakoa barne.

 

5. Nafarroako Parlamentuak aintzatetsi egiten du giza eskubideen aldeko erakundeek egindako lana, bai eta giza eskubideen alde lan egiten duten pertsona guztiena ere, mehatxurik, difamaziorik edo erasorik pairatu gabe egin beharko bailukete euren lana; Guatemalako gobernuak, hortaz, bere konpromisoa bete behar du, hura babesteko politika publiko bat garatzekoa.

 

6. Nafarroako Parlamentuak Guatemalako Errepublikako lehendakari Jimmy Morales Cabrera jaunari, Guatemalako Errepublikaren Espainiako enbaxadoreari eta Guatemalako Errepublikako Kongresuko lehendakari Álvaro Arzú Escobar jaunari igorriko die adierazpen hau”.