Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Otsailak 4

Nafarroako Parlamentuak aholkularitza jasoko du Irisgarritasun Plan Unibertsala egiteko

Legebiltzarraren egoitzaren berezitasunetara egokitu nahi dira sarbideei, komunikazioari, mugikortasunari eta espazioak gordetzeari buruzko ildoak, 12/2018 Foru Legeak jasotzen dituenak

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak aho batez onetsi du 2.577,30 euroko (BEZik gabe) gastua baimentzea Iddeas Fundazioa kontratatzeko. Aholkularitza horri Irisgarritasun Plan Unibertsal bat egiteko eskatu zaio, legebiltzarraren egoitzako eraikinaren berezitasunetara egokitua.

 

Helburua da eraikinaren gaur egungo egoeraren diagnostikoa izatea, zenbait hobekuntza ekintza abiatzeko asmoz, bai eta Irisgarritasun Unibertsalari buruzko 12/2018 Foru Legearen II. kapituluan jasotako arauzko betebeharrak betetzen direla bermatzeko ere. Aipatutako ekintza horiek izanen dira zerbitzu eta lan ingurune inklusiboak ahalbidetzeko beharrezkotzat jotzen direnak.

 

Gogorarazi behar da 2018an ANFASek Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuela irisgarritasun kognitiboko ebaluazioa, beharrezko baldintzak zehazten zituena pertsonek inguruneen eta objektuen esanahia ulertzeko eta, are gehiago, horiek manipulatzeko eta horietara zuzentzeko.

 

Txosten horretan jasotako jarraibide eta gomendioak aintzat hartuz, eraikineko seinaleak egokitu dira eta irakurketa errazera moldatu dira Parlamentuko informazio liburuxkak. Neurri horiek biek bat egin dute osoko bilkura guztietan nahiz Parlamentuaren egoitzako ekitaldi garrantzitsuenen zeinu hizkuntzara egin ohi diren itzulpenekin.

 

Orain, esparru kognitiboan egindako aurrerapenak osatu nahi dira, irisgarritasun fisiko eta sentsorial handiagoa lortuz. Hala, Parlamentuaren eraikineko inguru, espazio, zerbitzu eta objektuen eraikuntzak eta diseinuak errespetatu eta bermatu egin beharko lituzkete pertsona guztien giza-eskubideak, salbuespenik gabe.

 

12/2018 Foru Legearen II. kapituluak, eraikuntzako eta erabilera publikoko eraikinetako irisgarritasunari buruzkoak, zenbait ildo ematen ditu sarbideei, komunikazioari, mugikortasunari, komunei eta espazioak gordetzeari buruz. Dena den, ildo horiek neurri zehatz bihurtzea oso zaila da, eta horretarako behar da gaian espezializatutako profesionalen aholkularitza.

 

Kasu honetan ‘Nafarroa irisgarriagoa’ osatzen duten lau erakundeen (Anfas, Eunate, Cocemfe eta Iddeas) izenean diharduen Iddeas Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da; desgaitasuna duten pertsonek eta desgaitasunik gabekoek osatzen dute. Iddeas izenaren "de" hizkiek diseinua eta dibertsitatea esan nahi dute.