Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 23

Nafarroako Gobernuak adierazi du hiriarteko garraioa hobetzeko asmoa duela eta 2,1 milioi jarriko dituela horretarako

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez, zeinean ohartarazten baita ez dela “batere aurrera egin” bederatzi konexiotan

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizak esan du departamentuaren asmoa dela 2020rako 2,1 milioi jartzea Errepidezko Hiriarteko Bidaiari Garraioaren Plan Integralean (PITNA), iaz baino % 5 gehiago, horixe delako Garraioen Zuzendaritza Nagusiak legegintzaldi honetan landu behar dituen proiektuetatik "presakoena".

 

Kontseilariak adierazi duenez, "administrazio-emakidak berriztatzeak aukera ematen du zerbitzuak berrantolatzeko eta bidenabar oraingo akatsak zuzentzeko".

 

Foru legebiltzarraren osoko bilkuran Navarra Sumak aurkeztutako interpelazioari erantzunez, Cirizak azpimarratu du jada lanean ari direla "konektibitatea lurralde osoan hobetzeko". Eta azpimarratu du bi gogoetatan oinarrituta ari dela egiten plan integrala: "garraioa lurraldearen kohesiorako funtsezko zerbitzua da, eta garraio publikoaren erabilera sustatu behar da, pertsona guztiek hura erabili ahal izatea bermatuz".

 

Emakiden mapa berrian 37 emakidaren ordez 10 izanen direla azaldu ondoren, kontseilariak oroitarazi du iragan azaroan hasi zela funtzionatzen Iruña eta Soria arteko garraio zerbitzu berriaren konexioa, eta hobetu egin direla "segurtasuna, irisgarritasuna, erosotasuna eta ingurumen efizientzia".

 

Bigarren emakida (Iruña-Tafalla) dela eta, azaldu du bukatzen ari direla zerbitzuaren lizitazioaren espedientea prestatzeko lanak, eta hura 2020ko lehen hiruhilekoan dela argitaratzekoa. Eta emakidaren berritasun batzuk azaldu ditu: "trafikoak berrantolatuko dira, Tafalla indartuz eta eskualde-komunikazioan nabaritu diren premiei erantzunez".

 

"Orain garraio zerbitzurik ez duten herri batzuek zerbitzua izanen dute", nabarmendu du kontseilariak, eta azaldu du eskatu ahalako garraio zerbitzuak ezarriko direla turismo-ibilgailuen bidez.

 

Gainerako emakidei dagokienez, zehaztu du Iruña-Tutera-Zaragoza linearen emakida "lizitazioaren aurretiko izapidean" dagoela; Iruña-Irun emakidak, berriz, parte hartzeko prozesua burutu ondoren, "eginak ditu zerbitzuen behin-behineko diseinua eta konpentsazio ekonomikoen behin-behineko zenbatespena".

 

Gainera, kontseilariak adierazi duenez, hiru emakidak, hain zuzen ere Iruña-Lizarra-Logroño artekoa, Iruña-Donostia artekoa eta Mendebaldeko Pirinioetakoa, parte hartzeko prozesua egin ondoren, "badute zerbitzuen behin-behineko diseinua, eta eskariari eta kostuari buruz eskura dauden datuekin azterketa ekonomiko eguneratua egiteko zain daude".

 

Iruña-Gasteiz emakidari buruz, Cirizak zehaztu du badela "zerbitzuei eta kostu ekonomikoari buruzko behin-behineko azterlana". Mendebaldeko Pirinioetako emakida eta Iruñerriko hiriartekoa, berriz, "zerbitzuak planifikatzeko eta parte-hartze prozesua egiteko lan teknikoak hasi zain daude".

 

Kontseilariak zehaztu du bere departamentuaren asmoa dela 2020. urterako 2,1 milioi jartzea Errepidezko Hiriarteko Bidaiari Garraioaren Plan Integralean (PITNA), 2019an baino % 5 gehiago. Eta "linea guztiak lizitaturik eta zerbitzuan daudenean, 3,5 milioi izanen dira", iragarri du.

 

Cirizak azpimarratu duenez, halaber, "emakidak berriztatzearekin batera modernizazio-sistema berria ezarriko da eta hobetu eginen da erabiltzaileentzako informazioa". Eta "Nafarroako garraio txartel bakarra garatzen" ari direla ere jakinarazi du.

 

Bestalde, Navarra Sumako Javier García parlamentariak esan du "pixka bat" egin dugula aurrera Iruña-Soria konexioa egin ondoren, baina ohartarazi du "ezer gutxi aurreratu den edo batere aurreratu ez den" bederatzi konexio gelditzen direla oraindik. Horregatik, "beste lau urte ez galtzea" espero duela esan du. Beraren iritziz, aurreko gobernuak lau urte galdu baitzituen lineen emakidari dagokionez.

 

Jorge Aguirrek (PSN) hiriarteko garraioaren arloan gobernua egiten ari den lanaren balioa nabarmendu du; batez ere, Errepidezko Hiriarteko Bidaiari Garraioaren Plan Integralerako aurrekontuaren gehikuntza. Halaber, parlamentari sozialistak esan du beharrezkoa dela garraio publikoa sustatzea eta pertsona guztiek erabili ahalko dutela bermatzea.

 

Mikel Asiainek (Geroa Bai) trenaren erabilera aldarrikatu du “despopulazioaren aurkako borroka errazteko baliabide gisa”, eta trenaren onuren artean azpimarratu du “kutsadura gutxiago” sortzen duela. Asiainek ohartarazi du “autobus flota berritu beharra” dagoela “desgaitasuna duten pertsonek autobusak erabili ahal ditzaten”.

 

Maiorga Ramírezek (EH Bildu) “Nafarroako aldirietako garraio zerbitzuaren balioa gutxiesten dela” deitoratu du, eta trenaren erabilerari buruz “berariazko inkesta eta azterlanik” ez dagoela kritikatu du. Beraren ustez, trena da garraiobide jasangarriena “eta baditugu Nafarroan erabilgarritasun handiagoa izan dezaketen azpiegiturak”.

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) nabarmendu du beharrezkoa dela “plan integral handinahi bat, garraio publikoaren erabilera sustatuko duena eta hura erabili ahal izatea bermatuko diena desgaitasuna duten pertsonei”.

 

Marisa de Simónek (I-E) emakiden berriztapenak txalotu ditu, baina finantzatzeko neurririk eza kritikatu du, eta “garraio saretik kanpo gelditu diren 40 udalerriak hura erabili ahal izatea” exigitu du.