Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da zain dezan betetzen dela Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua, hezkuntzarako eskubideari buruzkoa

Eskuinak defendatzen duen eredu "kontserbatzaile eta partzialaren" aurrean, prestakuntza integralari lotutako hezkuntza-sistemarekiko konfiantza indartzea defendatu du Ganberak

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “zain dezan betetzen direla Espainiako Konstituzioaren 27.1 artikulua –”denek dute hezkuntzarako eskubidea, eta irakaskuntza-askatasuna aitortzen da”– eta 27.2 artikulua –”hezkuntzaren helburua pertsonaren nortasuna osotara garatzea izango da, bizikidetzaren printzipio demokratikoen errespetuan eta oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetuan”–.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “zain dezan betetzen direla Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko 8/2017 Foru Legea eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea. Izan ere, lege horiek Nafarroan hezkidetza sistema bat bermatzen dute, berdintasunaren eta genero indarkeriari aurrea hartzearen edukia derrigorrez ezarrita”.

 

Bestalde, Gobernua premiatzen da “jarrai dezan Skolae programa ezartzen diru publikoz finantzatutako ikastetxe guztietan eta indar ditzan programa hori eta Hezkuntza Departamentuak ezarritako LGTBI protokoloak betetzea bermatuko duten neurriak”. Navarra Sumak atal honen aurkako botoa eman du.

 

Horrez gain, Gobernuari eskatzen zaio “berma dezan pentsamendu-pluraltasuna eta bizikidetasun-, begirune- eta tolerantzia-printzipioen araberako heziketa, zeina baita gizarte demokratiko batek derrigorrezko hezkuntzako ikasle guztiei eman behar diena, Europako Kontseiluak gomendatzen duen bezala”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “kanpaina bat susta dezan, irakasleen profesionaltasunari eta independentziari babesa emateko, horren bidez susta dadin pentsamendu askatasunean eta ikasleen gaitasun kritikoaren garapenean oinarritutako hezkuntza”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerrak sustatutako ebazpenak “formazio integrala” defendatzen du, “autonomia pertsonala garatzera bideratua eskuinak bere eredu kontserbatzaile eta partzialaren bidez ezarri nahi duen doktrinamendutik guztiz urrun dagoena, hezkuntza prozesuetan kontrol eta centralismo handiagoa sartzea bilatzen baitu”. Horren eredu da “gurasoen pina” deiturikoa, “eduki jakin batzuen aurkako beto borobila besterik ez dena”.

 

“Hezkuntza sistema indartzeko eta espiritu kritikoa eraikitzeko”, defendatzen da guztiz garrantzitsua dela “irakasleen eta hezkuntza ikuskatzaileen profesionaltasunarekiko babesa eta konfiantza erakustea eta sendotzea eta gure hezkuntza-sisteman konfiantza edukitzea”, beti ere oinarritzat hartuz hezkuntza “gizarte aurrerapenerako tresnarik hoberena dela”.

 

*EH Bildu talde parlamentarioa ez da Osoko Bilkuran egon.