Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Ekainak 23

Nafarroako Gobernua premiatzen da tokiko aldizkariak gure eskualdeetako merkataritza eta enpresa txikiak berrabiatzeko tresna gisa kontuan har ditzan

Tokiko prentsaren garrantzia historikoa nabarmentzen da, lurralde kohesioari dagokionez ere bai, eta ‘Nafarroa Suspertu’ planean babestu beharreko sektore bat izan dadila eskatzen da

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “aintzat har ditzan tokiko aldizkariak, gure eskualdeetako merkataritza eta enpresa txikiak berrabiarazteko tresna bat gehiago diren aldetik”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatu dio “aurrekoarekin bat, tokiko aldizkariak Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Planean babestu beharreko sektoretzat har ditzan”.

 

Mozioak hirugarren puntu bat zeukan, Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa batek ordezkatutakoa, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk, ekimenaren titularrek onartu baitute. Gobernua premiatu nahi zuen “Nafarroako tokiko aldizkarien ordezkari diren enpresa eta elkarteekin hitzarmen edo akordio batera irits zitezen Tokiko Prentsari buruzko Jardunaldiei berrekiteko, Nafarroako Gobernuak egiten dituen hedabideen audientziei buruzko azterlanetan sartzeko eta publizitate instituzionaletako kanpainetan sartzeko”. Atal hau baztertu egin da Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek sustatutako ebazpenak tokiko eta hurbileko prentsaren “garrantzia historikoa” nabarmentzen du, lurralde kohesioa sustatzen duen aldetik eta, zenbait kasutan, “euskararen sustapena” ere bai. Sektore hau erortzen uzteak “kulturaren pobretzea” ekarriko duela ohartarazten du, “suspertze ekonomikoan ematen duten zerbitzua” dela eta.

 

Halaber, eskualdeko prentsak merkataritzarekin eta tokiko enpresa txikiekin publizitatearen bitartez duten harreman estua nabarmentzen da, eta lotura hori indar dadin aldarrikatzen da, “elkarren beharra” dutelako. Hori dela eta, “globalizazio deshumanizatu eta desorekatuaren” aurrean, administrazioaren inplikazioa eskatzen da “tokiko aldizkariak indar ditzan” eta honekin batera “eskualdeetako merkataritza-ehundura” defenda dezan.

 

Nafarpres Nafarroa osoan paperean argitaratzen diren tokiko aldizkarien elkarte bat da eta bere xede nagusia da tokiko prentsa eta informazioa sustatzea herritarrarengandik gertueneko ikuspuntutik. Nafarroako biztanleen erdia baino gehiagorengana iristen dira. Guztiak bokazio soziala duten enpresak dira, eta lana ematen diete bestelako produkzio-sektore batzuei, hala nola inprentei, diseinu estudioei, publizistei edo banatzaileei.

 

Carlos Pérez-Nievas (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak José Suárez, Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Pedro González, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Inma Jurío, Jorge Aguirre (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Arakama (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) izan dira.