Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da toki eta gizarte entitateekin babesik gabeko adingabeak erabat gizarteratzeko prozesuak abiaraz ditzan

Legebiltzarrak adingabe hauen kriminalizazioa gaitzesten du eta neurriak eskatzen ditu autonomia erkidegoen artean modu ordenatu eta orekatuan banatzeko, plan nacional bat abian jarriz

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “toki entitateekin, gizarte entitateekin nahiz era guztietako entitateekin lankidetzan aritzeko konpromisoa har dezan, babesik gabeko adingabeak erabat gizarteratzeko prozesuak abiarazteko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “adingabe horiek erabat gizarteratzeko garatu beharreko programak garatzen jarrai dezan”.

 

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak “errefusatu eta gaitzetsi egiten du jarrera arrazista, xenofobo nahiz babesik gabeko adingabeen kriminalizazioa bilatzen duen oro”.

 

Espainiako Gobernuari eskatzen zaio halaber “hartu beharreko neurriak har ditzan adingabe horiek autonomia erkidegoen artean modu ordenatu eta orekatuan banatzeko, bai eta gizarteratzeko plan nazional bat abian jar dezan ere”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “adingabe hauek erabat gizarteratzeari begira, ondokoak bermatzeko nahikoak diren programa eta proiektu gara ditzan: balorazio egokia, haientzat egokiena den baliabidean ostatu ematea, mantenua, prestakuntza eta aisialdiko jarduerak”. Navarra Sumak aurkeztutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau, Izquierda-Ezkerrak, ekimenaren sustatzaileak, onartu ostean.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak ohartarazten du bakarrik dauden adingabe atzerritarrak Espainiako lurraldera heltzea “ez dela jada fenomeno puntual bat”, eta Arartekoaren 2018ko txostena aipatzen du, azpimarratzeko kolektibo hau “bereziki zaurgarria” dela, “arriskua dutelako sarri muturreko indarkeria-adierazpideak pairatzeko, gizakien salerosketaren, gehiegikeria fisiko, psikologiko eta sexualen biktima izateko Europar Batasunera iritsi aurretik edota ondoren”.

 

Ildo horretan, erakundeek adingabe hauek bazter uzteak ekar litzakeen ondorio larriez ohartarazten da, “legez kanpokoa eta haurren eskubideen konbentzioaren kontrakoa izateaz gain, adingabe horien muturreko gizarte-bazterketari atera irekitzea izanen litzateke”.

 

Amaitzeko, sustatzaileak ohartarazten du bakarrik dagoen adingabe migratzaile bat Espainiako edozein tokitara heltzen denean “babes-neurriak abian jarri behar dituztela tokiko agintariek, horiek baitira lurralde bakoitzean haurrak babesteko ardura dutenak”.

 

*EH Bildu talde parlamentarioa ez da Osoko Bilkuran egon.