Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urriak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da telelaguntza aurreratuko zerbitzu modernizatu bat diseinatu eta ezar dezan

Etxean eta autonomiarekin ahalik eta denbora gehien egotea bermatuko duen erantzun integrala emateko behar diren aurrerapen teknologikoak aplikatzea eskatzen da

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “telelaguntza aurreratuko zerbitzu modernizatu bat diseinatu eta ezar dezan”.

 

Zerbitzu hori, zehazten denez, “honako hauek ahalbidetzeko izanen da: laguntza eskatzea eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, erabiltzailea etxebizitzan egon ala ez; bi aktibatze-sistema: bata ahotsaren bidezkoa, eta bestea botoiaren bidezkoa; erorketak, tenperatura altuak eta ke toxikoak detektatzen dituen sistema bat; familiakoak informatuta edukitzeko lokalizatze-sistema bat eta larrialdi sistema bat; telejarraipeneko sistema bat, irudiaren bidezkoa, kontsultetan eta jarraipenean lagun egiteko balioko duena; eta agendak kontrolatzeko eta telemonitorizazioko sistema bat”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15. artikulua aipatzen du, bertan jasota baitago telelaguntza zerbitzua, eta azpimarratzen du sistema “zaharkitu egin dela, jarduteko eremua zabaltzea eta sistema bera maila teknologikoan hobetzea” premiazkoa dela iduriz.

 

Ildo horretan, “mendekotasuna, gaixotasun kronikoak, bakardadea eta gisako egoeretan daudenei erantzun integral bat” emateko helburuarekin, aurrerapen teknologikoez baliatzeko eskaera egiten da, “larrialdiko egoeretan erantzuten duen telefono-sistema bat baino askoz haratago doan sistema bat izan dadin”.

 

Azken finean, “mendekotasunaren eremutik autonomia pertsonalerako trantsizioan paradigma aldaketa bati buruz ari gara, eta ahalbidetuko du emandako erantzuna eta arreta zabalagoak izatea, erabiltzaileen beharrizanetara egokituz”.