Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Irailak 2

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako ‘Memoriaren Toki ’deklara dezan Iruñeko espetxea hartzen zuen orubea

1936ko biktimei errekonozimendua eta ordain morala emateko 33/2013 Foru Legeari heltzen zaio, eskatze aldera eremu horri “beste esanahi bat ” eman dakion “errepresio frankistaren gune” gisa

Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeak aho batez onetsi du gaur ebazpen bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren bidez Nafarroako Memoriaren Toki deklara dezan Iruñeko espetxeak hartzen zuen orubea (edo horren barruan zehaztu beharreko gune bat), Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legea betez.”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntu bat dago, Navarra Sumaren eta PSNren abstentzioa jaso duena, zeinak Nafarroako Gobernua premiatzen baitu “Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren bidez Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari eska diezaion, Iruñeko Udalak bere garaian egin zuen legez, espetxeko atearen hondakinak eman diezazkion, espetxea egon zen lekuan jar daitezen berriro”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, adierazpenaren gainerako testuan bezala, aldeko botoa eman dute.

 

Era berean, hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Iruñeko Udalarekin lankidetzan albait lasterren jar dezan espetxeko atea orubearen barruan erabakitzen den lekuan”. Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “Iruñeko Justizia Jauregiaren handitzean sar dadin Memoriaren Tokiaren izaera, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak, Iruñeko Udalarekin hitzarmena izan ondoren, kokatzeko aurreikusten duen orubeari dagokiona”. Epigrafe hori gehitu da Podemos-Ahal Duguk eskatuta. Izquierda-Ezkerrak, ekimenaren titular gisa, onetsi egin du gehiketa egiteko zuzenketa. Aurreko puntuan bezala, talde guztiek aldeko botoa eman dute, Navarra Sumak ezik, abstenitu baita.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak heltzen die, halaber, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateari buruzko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen aginduei, eskatze aldera “beste esanahi bat” eman dakion Iruñeko espetxeak hartzen zuen orubeari, 2012an eraitsi zen espetxe hori Nafarroako hiriburuan “errepresio frankistaren gune” izan baitzen.

 

Proposatzaileak ezbaian jarri du espetxea, mende bat baino luzeago Iruñeko Donibane auzoan egon zena, “eraisteko erabaki harrigarria” hartzearen azpiko eztabaida eza; gogora ekarri ditu 1936ko altxamendu militarraren ondoren izandako “ateratze ugariak” eta bere egin du AFFNA-36 Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak “behin eta berriz” ildo beretik egindako eskaria.

 

Iruñeko espetxe zaharra Erreginaren aldapak eta San Roke kaleak bat egiten zuten lekuan zegoen. 1900. urtean hasi ziren eraikitzen eta 1907an inauguratu zen. Eite karratukoa zen, 3.650 metro karratuko plantako azalera hartzen zuen eta zentral bat zuen, gurutzeko eitekoa, beheko oina eta bi solairu zituena, sotorik gabe. Lau patio zituen, eite eta dimentsio ezberdinetakoak.

 

Bileran, Carlos Pérez Nievas (Navarra Suma) buru zegoela agertu dira, halaber, honako hauek: Jorge Esparza, Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez (Navarra Suma), Inma Jurío, Jorge Aguirre, Javier Lecumberri (PSN), Jabi Arakama, Uxue Barkos (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).