Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Maiatzak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da Mugikortasun Iraunkorraren Plana onets dezan eta Bizikletaren Nafarroako Kontseilua sortzea bultza dezan

“Garraio publikoa eta partekatua” indartzean eta “energia garbiz” dabiltzan garraiobideak bultzatzean oinarritutako “bizikidetza erronka” bati buruz hitz egiten da

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “onets dezan Nafarroako Mugikortasun Iraunkorraren Plan Zuzentzaile berria, mugikortasun jasangarria bultzatzeko helburua duena”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF), Nafarroako Txirrindularitza Federazioarekin (FNC), bizikletaren erabilera bultzatzen duten elkarteekin eta Nafarroako Trafiko Zuzendaritza Nagusiarekin batera, Bizikletaren Nafarroako Kontseilua sor dezan, bizikleten eta gainerako ibilgailuen arteko bizikidetza segurua lortzeko, bai herri barruko bideetan, bai hiriarteko bideetan”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroako Mugikortasun Iraunkorraren Plan Zuzentzailean neurri egokiak sar ditzan, prebentziokoak, beste osasun-krisi bat sortzen bada, Covid-19ak sortutakoaren antzeko ezaugarriak dituena, prestaturik egon gaitezen”.

 

EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu dio bigarren atalari, PSN, Geroa Bai eta I-E taldeek, hau da, ekimenaren sustatzaileek onartu ez dutena. Onetsitako testuaren eduki bera zuen, baina Nafarroako Trafiko Zuzendaritza Nagusia ez zuen elkarlanerako kolektiboen artean barneratzen.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai eta I-E taldeek sustatutako –eta Podemos-Ahal Dugurekin batera bigarren atala zuzendu zaion- ebazpenak mugikortasun jasangarria “bizikidetza erronka” gisa definitzen du, Garapen Jasangarriko Helburuekin bat eginez, Administrazioen betebehar gisa ezartzen baitu “motorrik gabeko mugikortasuna bultzatzea eta garraio publikoa eta partekatua indartzea, eta energia garbiz dabiltzan garraiobideak bultzatuz”.

 

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuari gai honen inguruan programa-akordioan hartutako konpromisoak gogorarazten zaizkio, zehazki, “Energia eta Klimaren Esparru Estrategikoa Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendariarekin osatzeari” dagokiona.