Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urtarrilak 17

Nafarroako Gobernua premiatzen da lantalde misto bat sor dezan enpresa eta pertsona ekintzaileei beren jarduera ezarri eta garatzea errazteko

Gehiegizko karga burokratikoa murriztea da helburua jardurera ekonomikoaren eta enpleguaren hobekuntza bilatzeko

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “lantalde misto bat sor dezan, parte hartu nahi duten toki entitateekin eta erakunde profesionalekin lankidetzan, Nafarroako Foru Komunitateko enpresa eta pertsona ekintzaileei beren jarduera ezartzeko eta garatzeko erraztasunak emanen dizkieten neurriak diseinatze aldera”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ekimenak enpresen, ekintzaileen eta erakunde profesionalen babesak biltzea defendatzen du, gehiegizko karga burokratikoa murriztuz jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren hobekuntza bilatzeko.

 

Ildo horretan, prozedura “zalu eta soilduak” eskatzen dira, enpresentzako “kostu ez-emankorrak murriztu edo kenduz”, Administrazioak eragile ekonomikoei erantzun azkarrak eman diezazkien. Finean, helburua da inbertsio-proiektu bakar bat ere ez galtzea izapide burokratikoen erruz, “burokrazia handiago batek ez baitu bermatzen interes orokorrak defendatzea eta enplegua sortzea”.

 

Sustatzaileen ustez ekonomiaren arloko araudia da zuzenbide-estatu sozial eta demokratiko batek dauzkan tresnetako bat, “guztien onura sustatzeko eta merkatuan norbanakoaren interesen aitzinean interes orokorra defendatzeko”.

 

Ponentzia eratzea ezetsi da

 

Saio berean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak baztertu egin du gaur, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren e I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, jarduera ekintzaileak abiarazteko administrazio-prozesuak arindu eta hobetzeko lantalde bat sortzeko proposamena.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak proposatutako lan-taldearen helburua zen “Nafarroako Sustatzaile eta Eraikitzaileen Elkartearen eta hainbat lan-talde profesionalen eskaerari erantzuna ematea”, izan ere, pasa den azaroaren 27an kolektibo hauekin ospatutako lan-bilkuran, “talde guztiek konpromisoa agertu zuten beharrezko aldaketak egiteko akordioetara iristeko, jarduera ekintzaileen emaitza etekinak hobetzeko helburuz, hauek martxan jarri aurretik baldintza administratiboak birdiseinatuz”.

 

Sustatzaileen ustez, lantalde misto bat eratzeak “Parlamentuak berari dagozkion eginkizunei uko egitea” suposatzen du. Ildo horretan, azpimarratzen da “erregelamenduzko tresna egokiak badaudela, Ponentzia eta Batzorde bereziak esaterako, legegintza lan hau Gobernura desbideratu beharrean, eta formula hauetan Gobernuko teknikoek eta Toki entitateetakoek ere parte har dezaketela”.

 

María Solana (Geroa Bai) buru izan duen bilkuran egon diren Parlamentariak Carlos Pérez-Nievas, Francisco Pérez, José Suárez, Iñaki Iriarte, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Javier Lecumberri, Virginia Magdaleno (PSN), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Laura Aznal, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) izan dira.