Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 27

Nafarroako Gobernua premiatzen da itxarote-zerrenden sistema garden bat eta mendekotasuna baloratzeko erantzun bat emateko ustez beharko den denbora ezar ditzan

Mendekotasuna artatzeko plan bat eskatzen da, lehentasunezko lan-ildoak ezarriko dituena eta eskualde bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuko dituena

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “sistema garden bat ezar dezan, Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez, mendekotasuna baloratzeko dauden itxarote-zerrendetarako eta balorazio horiek egiteko kalkulatutako denborarako, bai eta gizarte-zerbitzuen zorro orokorreko prestazio bermatu bakoitzerako ere”.

 

Halaber, “baliabide bakoitzean eskuragarri dauden postuak eta postu hutsak esleitzeko irizpideak agertuko dira”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “mendekotasuna artatzeko plan bat egin dezan, lehentasunezko lan-ildoak ezarriz eta gaur egun beharrezkoak diren baina, batik bat, etorkizunean beharrezkoak izanen diren zerbitzuak sortzeko plangintza bat eginez, gure erkidegoko eskualde bakoitzaren ezaugarriak aintzat harturik”.

 

Plan hori egiten “parte hartuko dute bai gizarte-eragileek, bai desgaitasunaren eta mendekotasunaren alorretako elkarteek, eta honako printzipio hauei jarraituko zaie: lehentasuna zerbitzuei ematea, ezen ez horiei loturiko diru-prestazioei; enplegu egonkorra sortu eta kalitatezko arretak bermatzen dituzten zerbitzu-zentroen sarea indartzea; hurbiltasuneko zerbitzuak indartzea, horiexek ahalbidetzen baitute ukitutako pertsonek etxebizitzan jarrai dezaten eta zaintzaileen laneko bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egitea; eta berrikuntza sozialeko neurriak sustatzea”.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu talde sustatzaileek onartu ez dutena. Azpimarratzen zuten “beharrezkoa dela informazio xehatua ematea, ebazpen-epe maximoekin, Gizarte Eskubideen Sailaren urteko txosten bat barne, eskatzaileen datuak, itxaron-denborak eta Zorroan bermatutako prestazio bakoitzeko itxaron-zerrendak barne”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek sustatutako ebazpenak Nafarroako Gobernuak aurreko legegintzaldian “mendekotasun-baloraziorako itxarote-zerrendak murrizteko” egindako lana goraipatzen du, eta bestalde, azpimarratzen du joan den abendutik, mendekoek eta haien familiek izapide guztiak oinarrizko osasun laguntzako zentroen bidez ere egiteko aukerak arreta hobetzen duela.

 

Hala ere, argudiatzen da “aurrerapausoak eman behar direla gardentasuna handiagoa izan dadin” bai mendekotasun-balorazioko prozesuan, bai balorazioak proposatzen duen baliabidea pertsona bakoitzari esleitzeko espedientearen egoeran edo baliabide bakoitzean eskuragarritasun- nahiz eskuraezintasun-egoeran ere, “informaziorik ezak ez diezaion egonezin gehigarri bat sortu norbanakoari eta familiari”.