Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Martxoak 12

Nafarroako Gobernua premiatzen da ikasle guztiei ikaspostu bat berma diezaien ikastetxe publiko batean bizi diren eremuan

Haur eta Lehen Hezkuntzan eskaintza nahikoa ez dela argudiatzen da, eta hori dela eta sistema publikoa birdimentsionatzeko eta sare pribatua ituntzeko baldintzak berrikusteko eskaera egiten d

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “ikasle guztiei ikaspostu bat berma diezaien ikastetxe publiko batean bizi diren eremuan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen du “irakaskuntza publikoa bultza dezan, halako moduan non onartu eginen baititu familiek hautatutako ikastetxe publikoan eta hizkuntza-ereduan eskolatzeko eskari guztiak; hartara, ikastetxe publikoetan gehitu beharreko eskola-unitate guztiak gehituko ditu, eskari guzti-guztiak asetzeko”.

 

Bestalde, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio “ikasgelako 25 ikasletik gorako eskariak dauzkaten ikastetxe publikoetan eskola-unitateak gehitu ditzan, eta ez dezan ikaslerik bidali itunpeko irakaskuntzara edo familiaren etxebizitzatik urrunago dauden ikastetxeetara”.

 

Horrez gain, Hezkuntza Departamentua premiatzen da “Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztietan ikaspostu-erreserba bat egin dezan, ikasturtean zehar gertatzen diren eskolatze-eskaera berriak hartzeko”. Atal hau aho batez onetsi da.

 

Navarra Sumak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Izquierda-Ezkerra ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Hezkuntza Departamentua premiatu nahi zuen “ahalik eta egokien bermatu zedin Nafarroako familiek beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza hautatzeko askatasuna eta ikaspostu bat eskaini ziezaien funts publikoekin sostengaturiko ikastetxeetan, eta ikasgelako 25 ikasletik gorako eskariak dauzkaten funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan eskola-unitateak gehitu zitzan”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2020/21 ikasturterako Haur eta Lehen Hezkuntzako plazen eskaintzan atzemandako “gutxiegitasuna” azpimarratzen du, eta ohartarazten du, 2019-2023 Programaren Akordioarekin bat etorriz, “auzo edo eskualde bakoitzaren beharrari erantzuna eman behar zaiola, sistema publikoaren gaitasuna handituz eta sare pribatuaren ituntze-baldintzak berrikusiz, bere betebeharren azterketa barne”, eta horien artean “gehiegizko matrikulazioari aurre egiteko plazen erreserba” dagoela jaso nahi da.