Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urtarrilak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da gizarte-erakunde eta eragileekin jorra dezan 209/1991 Foru Dekretua aldatzeko egindako zirriborroa

Esku-hartze sozialeko hitzarmen autonomiko bat egin nahi da, eta aurrekontuen igoera eskatzen da soldata-igoerei aurre egiteko

Eskubide Sozialetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “gizarte-erakunde eta -eragileekin jorra dezan 209/1991 Foru Dekretua aldatzeko egindako zirriborroa, eta gero lehenbailehen onets dezan”.

 

209/1991 Foru Dekretuak Gizarte Zerbitzuen esparruko Zerbitzu eta Zentruak sailkatzen ditu eta hauek izan behar duten kalitate-maila bermatzeko, baita haien funtzionamendurako nahitaez eduki beharreko baldintzak eta betebeharrak finkatzen ditu.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “sektoreko enpresen eta erakundeen eta sindikatuen arteko negoziazio-mahaian parte har dezan, Nafarroa osoan lan-baldintzak arautuko dituen esku-hartze sozialeko hitzarmen autonomiko bat taxutzeko”.

 

Bestalde, Gobernua premiatzen da “Nafarroaren 2020rako aurrekontuetan jaso ditzan egin beharreko aurrekontu-igoerak, hitzarmen berritik heldu diren soldata-igoerei aurre egiteko hitzarmen horrek ukitzen dituen kontratu edo itunetan”.

 

Horrez gain, eskatzen da “hitzarmen hori NAOn argitaratzen denean automatikoki eguneratu ditzan, bere departamentuen bidez, itun, hitzarmen edo kontratu horien partida ekonomikoak, lan-erregulazio berrira egokitzeko”. PSN eta Geroa Bai abstenitu egin dira atal honetan.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari irmoki eskatzen zaio “Esku-hartze Sozialaren arloko Hitzarmen Sektoriala NAOn argitaratu ondoren lizitatzen diren baldintza-agiri berriek hitzarmena nahitaez bete beharrari buruzko klausulak izan ditzatela, eta hitzarmena ez betetzea hura deuseztatzeko arrazoi gisa jaso dezatela”

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioek sustatutako ebazpenak nabarmentzen du “ongizatearen estatua mantentzeko berebiziko garrantzia duen” sektore honetan “ez dagoela ia lan-araubiderik”, eta honek berekin ekarri duela “prekarietate maila handieneko lanetako bat izatea”, baita administrazio publikoek itun edo lizitazio bidez eskainitako zerbitzuen kasuetan ere, “209/1991 Foru Dekretuan ezarritakoa gaindituz ematen badira ere, baldintza prekario eta eskasetan ematen dira, zerbitzuen kalitatea bermatzeko”.

 

Hainbat erkidegok Ekintza eta esku-hartze sozialeko 2015etik 2017ra bitarteko Estatuko Hitzarmen Kolektiboa “hobetzea” erabakitzearen harira, apirilean eratu zen patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazio-mahaiari dei egiten zaio, Nafarroako Gobernuaren “babesa eta konpromisoarekin”, sektore “heterogeneo, gutxi baloratu eta oso feminizatu” honetan lan egiten duten eragileentzat akordio mesedegarri batera iristeko.

 

Arantza Biurrun (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Marta Álvarez, Ángel Ansa, Cristina Ibarrola, Jorge Esparza, Isabel García Malo, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN), Isabel Aranburu, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Patricia Perales, Txomin González (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).