Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 4

Nafarroako Gobernua premiatzen da etxerik gabeko pertsonentzako Housing First programa Nafarroa osora heda dezan

Etxebizitza gizarteratze prozesuaren lehentasunezko elementu bihurtzeko konpromisoa berretsi du Legebiltzarrak eta gizarte-laguntzan oinarritutako berariazko neurriak eskatzen ditu

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “etxerik gabeko pertsonentzako etxebizitza-politikaren aldeko apustua egiten jarrai dezan, bereziki Housing First programarekin, programa hori Nafarroa osora hedatuta”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak etxebizitza gizarteratze prozesuaren lehentasunezko elementua bihurtzeko apustuaren berri ematen du, eta, horri dagokionez, 2017an hasitako bideari jarraipena emateko borondatea azpimarratzen du, Housing First bezalako programari jarraipena emanez. Programa hori Asturiasen eta Katalunian bete-betean ari da jardunean, eta emaitza eraginkorrak izaten ari da bazterkeria egoeran dauden pertsonak gizarteratzen.

 

Oroitarazten denez, Nafarroako Gobernuari babesa ematen dioten alderdiek sinatutako programa-akordioak ezartzen du “gizarte-bazterkeria jasaten duten pertsonek etxebizitzari eusteko neurriak abiaraziko" dituztela, "bereziki landuz gizarte-laguntzan oinarrituriko berariazko neurriak”.

 

Housing First etxerik gabeko pertsonekin esku hartzeko eredua da, Estatu Batuetan laurogeita hamarreko hamarkadan sortua, eta helburu nagusia da pertsona gizarteratzeko prozesuan lehentasunezko elementua bihurtzea etxebizitza; halatan, “pertsonarekiko errespetuan eta haren autodeterminazioan” oinarritzen den ekipo tekniko baten laguntza du.