Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Martxoak 4

Nafarroako Gobernua premiatzen da erlijio-irakasgaiaren eta haren ordezkoen irakaskuntzaren ordu-zama minimora murriztu dezan

Ebazpenak urtarrilean baztertutako erlijioaren irakaskuntzari eta haren ordezkoei buruzko Foru Lege proposamenaren helburua berreskuratzen du

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “beharrezkoa den araudia hiru hilabeteko epean alda dezan, halako moldez non erlijio-irakasgaiaren eta haren ordezkoen irakaskuntzaren ordu-zama estatu-mailako araudiak ezartzen duen nahitaezko minimora murriztuko baita eta murriztapen hori hurrengo 2020-2021 ikasturtean indar osoz aplikatzeko modukoa izanen baita”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “hausnar dezan erlijio-irakasgaiaren gaineko arau- edo lege-aldaketa ezberdinek ez dutela beraiekin lanpostu-galerarik ekarri behar lan-legepeko kontratu mugagabea duten nafar erlijio-irakasleen kolektiboarentzat, ez eta haien kontratu-portzentajeen galerarik ere”. Geroa Baik aurkeztutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu dira epígrafe hau eta hurrengoa, Izquierda-Ezkerrak, ekimenaren titularrak zuzenketa onartu baitu. Navarra Sumak eta Geroa Baik puntu honen aldeko botoa eman dute, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk abstentzioa eta PSN eta Izquierda-Ezkerrak aurka bozkatu dute.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Lan-legepeko Langileen Negoziazio Mahaian eztabaidatu eta adostu dadin aipatu irakasgaiaren murrizketak irakasle-kolektibo horri ekar diezazkiokeen ondorioei eta lan-baldintzen aldaketari buruz”. PSNk atal honen aurkako botoa eman du, eta gainerako taldeek aldekoa.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztutako ebazpenak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan onartutako Foru Komunitatearen eskumena aipatzen du, erlijioaren irakaskuntza eta haren alternatibak ahalik eta gehien murrizteko araudia garatu eta aldatzeko.

 

Ebazpenak joan den urtarrilaren 15ean Hezkuntza Batzordeak baztertutako erlijioaren irakaskuntzari eta haren alternatibei buruzko Foru Legearen proposamenaren xedea berreskuratzen du, Nafarroako Gobernuari eskatuz erlijioaren irakaskuntzak eta haren alternatibek duten ordu-garrantzia ahalik eta txikiena izan dadin behar den araudia alda dezan.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan egon dira José González, Ángel Ansa, Isabel Olave, Raquel Garbayo, Alberto Bonilla, Javier García (Navarra Suma), Inma Jurío, Jorge Aguirre (PSN), Jabi Arakama, María Solana (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).