Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Ekainak 24

Nafarroako Gobernua premiatzen da ekitaldi instituzional baten bidez errekonozimendua eta erreparazioa eman diezaien beren sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik errepresio frankistan diskriminazioak pairatu zituzten pertsonei

Nafarroako Memoriaren Institutuak ikerketa-proiektu bat gara dezan eskatzen da, errepresioaren sare juridikoari buruzko informazioa biltzeko, biktimak identifikatzeko eta lekukotasunak jasotzeko

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “ekitaldi instituzional baten bidez errekonozimendua eta erreparazioa eman diezaien beren sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik diktaduran eta ondorengo errepresio frankistan, trantsizioan eta demokraziaren lehen urteetan diskriminazioak, askatasun-gabetzeak eta gizarte-bazterketa pairatu zituzten pertsonei”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “Nafarroako Memoriaren Institutuaren bidez ikerketa-proiektu bat gara dezan, Nafarroan beren sexu-orientazioagatik pertsonak erreprimitze aldera diktadura frankistak sortutako sare juridikoari buruzko informazioa biltzeko eta lekukotasunak bilduz biktimak eta beren historiak identifikatzeko”.

 

Navarra Sumak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titularrak diren PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak onartu ez dutena, eta errekonozimendua eta erreparazioa zabaldu nahi zuen “XX. mendean zehar, Alfonso XIII.aren erreinupean, Bigarren Errepublikan, diktadura frankistan eta Juan Carlos I.aren monarkia konstituzionalean sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik diskriminazioa pairatu zuten pertsona guztiei”. Zuzenketak, gainera, ikerketa bat proposatzen zuen “XX. mendean sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik pairatutako diskriminazio guztien inguruan, eta ikerketa honetan jasotako materialarekin egindako erakusketa bat” ere bai.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak LGTBI kolektiboak Francoren diktaduran zehar pairatutako “diskriminazioa eta bazterkeria” aipatzen du, eta “beldurraren, irainaren, indarkeriaren eta familiaren arbuioaren mende hazitako belaunaldi horri aitorpen sinboliko” bat egitea defendatzen du.

 

Honela, adierazten da lesbiana, gay, bisexual eta transexualek ia 90eko urteetara arte itxoin behar izan zutela “beldurrik eta indarkeriarik gabe” bizitzeko, Aministiari buruzko 1977ko legeak ez baitzien preso homosexualei eragin ez zirelako politikotzat hartzen, eta 1988ra bitarte egon baitzen indarrean eskandalu publikoaren delitua, zeinaren aterki zabala sexu-disidentzia kondenatzeko baliatu baitzen.

 

“Demokrazia parlamentarioko azken hamabost urteotan egindako urratsak eta LGTBI+ berdintasun legal eta soziala lortzeko aurrerabideak ikusita”, sustatzaileek uste dute “beste urrats bat egin beharra dagoela, justizia, errekonozimendua eta erreparazioan aurrerabidea egiteko eta etorkizuna ilusioz eraikitzen jarraitzeko”.

 

Azken urteotako memoria eta horren aitorpen sinbolikoa jorratzeaz gain, helburua da “beste alde batera begiratzen ez jarraitzea eta behinik behin bizirik atera zirenei bestelako erreparazio-neurriak eskaintzeko premia larria; izan ere, azaldutakoaren ondorioz, oraindik ere gure gizartearen bazterretan daude, gizarte-bazterketako egoeran, bizi izandakoaren ondorioz”.

 

Carlos Pérez-Nievas (Navarra Suma) buru izan duen saiora bertaratu diren parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Jorge Esparza, Isabel Olave, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío, Javier Lecumberri (PSN), uxue Barkos, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón Izquierda-Ezkerra).