Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Maiatzak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da Covid-19aren balizko berragerpenen aitzineko Kontingentzia Plan bat taxutu dezan

Prozesu parte-hartzaile bat eskatzen da osasun sistemaren kudeaketa eta antolaketa optimizatzen lagunduko duen plan bat garatzeko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “Covid-19aren balizko berragerpenen aitzineko Kontingentzia Plan bat taxutu dezan, parte-hartzailea eta inplikatutako eragile guztiekin adostua (osasun arloko profesionalak, zentro publiko eta pribatuak, lanbide elkargoak, sozietate zientifioak, ordezkari sindikalak, herritarren ordezkariak, toki entitateak... )”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean zehazten duenez, “berragerpenen aitzineko kontingentzia planak honako alderdi hauek jasoko ditu, besteak beste: agertoki ezberdinetarako beharrizanen estimazioa, agertoki batetik bestera igarotzeko irizpide objektiboak, agertoki bakoitzerako ekintzak eta baliabideak, osasun arloko eta arlo soziosanitarioko profesional guztiei NBE egokiak bermatzeko neurriak, egoitza-zentroetarako berariazko plan bat eta planaren ebaluazioa ahalbidetuko duten jarraipenerako adierazleak”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n Covid-19a nazioarteko pandemia deklaratu zuenetik jazotakoak azaltzen ditu, eta ildo horretan, Osasun Departamentuak martxoaren 18an osasun krisia kudeatzeko martxan jarritako Kontingentzia Planak “irizpide zehatzik ez duela” nabarmentzen du.

 

Hori dela eta, defendatzen da “guztiz garrantzitsua” dela parte-hartze prozesua zabala izatea, balizko berragerpen baten aitzineko kontingentzia plana, aldaketan inplikatutako eragile guztien sentsibilitateak jasoko dituena, prestatzeko”. Parte-hartze prozesu horrek plana nahiz osasun sistemak balizko berragerpenei eman beharreko erantzuna hobetzen lagunduko du zalantzarik gabe, “kontuan hartzen baditu sistemaren erantzun egokia bermatzeko ekintzak eta hilabete hauetan osasun krisiaren kudeaketan gertatutako akatsak ekiditeko ekintzak”.