Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urtarrilak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da buru-nahaste larria duten pertsonei laguntzeko programa berrikus dezan

Egungo beharrei erantzungo dien “lan eta gizarte arloko ikuspegia” txertatzea eskatzen da, baita itxaron-zerrendak murrizteko baliabideak ere

Eskubide Sozialetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “2020ko bukaerarako berrikus dezan Buru-nahaste larria duten pertsonei laguntzeko programa, izaera soziosanitarioa ahaztu gabe –horretarako, egun diren baliabideak handitu beharko ditu itxarote zerrendak desagerrarazte aldera–, lan- eta gizarte-arloko ikuspegi bat gehituko dio, zeinak kontuan hartuko dituen, bereziki, nahasmendu mental larria edo nortasun nahasmendua duten eta ahultasun sozialeko egoeran dauden pertsonak”.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu dute, baina Navarra Sumak ez du onartu. Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak eta Desgaitasunaren Plan Estrategikoak ezartzen duten bezala, 2020. urtean abian jar ditzan planeko jarduera-eremuetan aurreikusitako neurriak, eta, bereziki, lanarekin, autonomia pertsonalarekin eta inklusioarekin lotutakoak, ahalik eta gizarteratze handienaren paradigmaren pean, gainerako herritarrek dauzkaten baldintza berberetan eta ahalik eta autonomia pertsonaleko eta bizi kalitateko maila handienarekin. Egoitza-baliabideak behar direnean, azken horiek elkarbizita-unitate txikiak izanen dira, ikuspegi komunitarioa dutenak”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2005ean onetsitako eta 2010ean berrikusitako Buru-nahaste larria duten pertsonei laguntzeko programa azaltzen du, zeina “aurrerapauso ukaezina izan zen” gaixotasun mentala duten pertsonentzat eta haien familientzat, modu esponentzialean gehituz egoitza-tokiak, etxebizitza babestuak eta funtzionalak, eguneko zentrokoak eta anbulatorioak, baliabide okupazionalez gain. Hori dela eta, egungo beharrei erantzungo dien lan eta gizarte arloko ikuspegi batetik berrikustea eskatzen da.

 

Arantza Biurrun (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Marta Álvarez, Ángel Ansa, Cristina Ibarrola, Jorge Esparza, Isabel García Malo, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN), Isabel Aranburu, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Patricia Perales, Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).