Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Martxoak 12

Nafarroako Gobernua premiatzen da berrikus ditzan eutanasiari buruzko protokoloak eta bitartekoak, Kongresuan lege proposamena aintzat hartu izanagatik

Herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko programak indartzea defendatzen du Legebiltzarrak legea zertan den eta mugak non diren azaltzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugure, I-Eren eta Navarra Sumaren hiru parlamentariren (Ciudadanosi dagozkionen) aldeko botoekin eta Navarra Sumaren (UPN + PPN) aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “behin Diputatuen Kongresuak eutanasia arautzeko legea onetsi ondoren, eta lege horretan jasotakoarekin bat, berrikus ditzala prozedura berriak behar diren edo ez jakiteko gaur egun dituen protokoloak eta bitartekoak”. PSNk aurkeztutako eta Geroa Bai ekimenaren titularrak onartutako ordezteko zuzenketa baten emaitza da testua.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko programak indartu ditzan; hartara, legea zertan den eta lege horren mugak non diren azalduko die”.

 

Bestetik, Osasun Departamentua premiatzen da “Nafarroako Ospitaleguneko Zainketa Aringarrien Unitatea hobetu eta handitu dezan”. Aho batez onetsi da atal hau.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gogorarazten du Kongresuan 2020ko otsailaren 11ko Osoko Bilkuran aintzat hartu zela eutanasia arautzeko lege proposamena, 201 aldeko botorekin, 140 aurka eta 2 abstentziorekin. Ildo horretan, araua garatzen hasteko deia luzatzen du, legea abiaraztea autonomia erkidegoei baitagokie, baita prozedurak eta bitartekoak ezartzea ere.

 

Sustatzaileak adierazten duenez, nahiz eta Nafarroak Hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideei eta bermeei buruzko 8/2011 Foru Legea eduki, aipatutako Lege proposamenaren garapena amaitzen denean (zeinak Gaixoaren autonomia arautzen duen 41/2002 Lege Oinarrizkoa eta Aurretiazko jarraibideen erregistro nazionala eta Datuen fitxategi automatizatua arautzen dituen 124/2007 Errege Dekretua osatzen dituen), Osasunbideak bere prozedura eta arauak egokitu beharko ditu ezartzen diren baldintzetara.