Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 27

Nafarroako Gobernua premiatzen da bere plan eta programetan kontuan izan dezan emakumeak eta neskatoak bereziki zaurgarriak direla klima-aldaketaren inpaktuen aitzinean

Berotze globalak eragiten dituen desberdintasunak eta honekin batera datozen lekualdatzeak ekidite aldera ahaleginak biderka daitezen eskatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “harrera-planak eta -programak taxutzen dituenean kontuan izan dezan emakumeak eta neskatoak bereziki zaurgarriak direla lekualdatze-arriskua areagotzen duten klima-aldaketaren inpaktuen aitzinean”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “Nansen ekimena babes eta susta dezan, ingurumen-arrazoiak direla-eta mugen artean lekualdatutako pertsonak babesteko praktikak eta tresnak ahalbidetzera eta adostera bideratutako ekimenak bultzatze aldera, lekualdatze horiek industria multinazionalek jatorriko herrialdean eragindakoak izan nahiz klima-aldaketak herrialde horietan eragindako efektuengatik izan”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen da “klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Parisko Akordioaren helburuak bete ditzan eta harago joateko ahaleginak biderka ditzan, ekidite aldera berotze globalak jarrai dezan dauden desberdintasunak –lekualdatze-arriskua areagotzea eragiten dutenak– areagotzen”.

 

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak “ingurumenaren aldeko ekintzaileen eta giza eskubideen defendatzaileen hilketak salatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak “eutsi egiten die 2030eko Agendaren konpromisoei eta planetaz denaz bezainbatean adierazpenaren atarian jasotzen denari: “Planeta degradazioaren aurka babestea, baita kontsumoaren eta produkzio jasangarriaren, natur baliabideen kudeaketa jasangarriaren eta klima-aldaketari aurre egiteko neurri urgenteen bidez ere, halako moduan non gaur eguneko nahiz etorkizuneko belaunaldien beharrizanak ase ahal izan daitezen”.

 

Zioen azalpenean, PSNk, Geroa Baik eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak Nazio Batuek eskainitako datuak aipatzen dituzte, ohartarazten baitute nahitaezko lekualdatzeen mende dagoen populazio globala nabarmen handitu dela azken bi hamarkadotan, eta aurreikusten da 2050ean “200 eta 300 milioi pertsona inguru egonen direla ingurumenarekin lotutako arrazoiengatik desplazaturik”.

 

Arlo horretan, adierazten da tropikoen artean kokaturik dauden herrialdeak direla batez ere klima-aldaketak gehien ukitu eta mehatxatutakoak, “eta hor kokatzen dira, hain zuzen ere, herrialde txiro gehienak”, eta hori dela eta, Nansen ekimena susta dadin eskatzen da, Norvegiak eta Suitzak 2011 urtean egindakoa, helburutzat duena “kontsentsu bat ezartzea estatuen artean, ingurumen-arrazoiengatik lekuz aldatutako pertsonak babesteko natur-hondamendien eta klima-aldaketaren ondorioen testuinguruan”.

 

Sustatzaileek amaitzeko emakume ekintzaileen eta munduan zehar giza eskubideak aldezten dituzten pertsona guztien egoera “kezkagarria” nabarmentzen dute, “gero eta eraso gehiago pairatzen baitituzte ingurumenaren, feminismoaren, bakezaletasunaren, antikapitalismoaren... aldeko ekintzaileak izate hutsagatik”.