Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Martxoak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da 2020-2023 aldirako urte anitzeko finantzaketa-hitzarmen bat sina dezan Nafarroako Antzerki Sarearekin

Sektorearen beharrizan eta eskariei erantzuten dieten helburuak betetzen jarraitzeko, Legebiltzarrak entitateari egonkortasuna ematea defendatzen du

Kultura eta Kiroleko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “hitzarmen bat sina dezan eperik laburrenean, 2020-2023 aldirako urte anitzeko finantzaketarakoa, NAS-Nafarroako Antzerki Sarearekin, markatutako helburuak eta ematen duten zerbitzuaren aurrerabidea ahalbidetze eta optimizatze aldera”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroako Antzerki Sareak bere “ekintza, proiektu eta ikuskizunen” bidez arte eszenikoei egiten dien ekarpena azpimarratzen du, “entitatearen aurrekontu eta lan jarraiari” esker lortutakoa.

 

Alde horretatik, “lurralde-kohesioa, egonkortasuna, etorkizunerako proiekzioa, segurtasuna, aurreikuspena, kudeaketa eta ordainketak” bezalako arloak nabarmentzen dira, hainbat urtetarako hitzarmen baten beharra justifikatzeko, 2012az geroztik egiten den bezala. Honela, erakundeak “egonkortasun-bermea izango du denboran luzatuko den proiektu honetan aurrera egiteko”.

 

Halaber, ebazpenak Nafarroako Antzerki Sarearen Zirkuitua aipatzen du, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin sinatutako hitzarmeneko berariazko programa, NASeko kide diren espazio eszenikoen programazioa osatzean oinarritua, eta beste irizpide batzuei jarraitzen dieten ikuskizunen programazio bereizia sustatuz.

 

Proposamena egin duenak adierazi du “programa hobetzen jarraitzeko eta sektorearen beharrei eta eskaerei erantzuten dieten helburuak betetzeko, baita erakundeek antolatzen dituzten ekintzen osagarri direnak bermatzeko”, beharrezkoa dela “finantzaketaren bidez egonkortasuna ematea”, etorkizuneko lana bermatuz.

 

Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon dira Raquel Garbayo, Alberto Bonilla, Javier García, Jorge Esparza, Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Carlos Mena, Arantza Biurrun, Virginia Magdaleno (PSN), Pablo Azcona, Ana Ansa (Geroa Bai), Patricia Perales, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).