Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Abenduak 13

Nafarroako Foru Berriaren Erreformari buruzko jardunaldia Nafarroako Parlamentuan

Hualdek goraipatu du aurreko legegintzaldian egindako lan mardula, mugarri izan dena gure foru zuzenbide zibila eguneratzeko bidean

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera gaur Nafarroako Foru Berriaren Erreformari buruzko jardunaldiari. Parlamentuak berak antolatu du, Iura Vasconiae Fundazioarekin elkarlanean.

 

Jardunaldiaren xedea apirilaren 4ko 21/2019 Legearen ebaluazio juridikoa egitea da (Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko Legea). Hizlariek azalduko dute non kokatzen den Nafarroako foruen erreforma, 1978az geroztik arlo zibileko legegintzako eskumenak dauzkaten autonomia erkidegoetan egin diren guztiekin alderatuta.

 

Inaugurazioko hitzaldian, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak gogora ekarri du aurreko legegintzaldian alor horretan Nafarroako Gobernuarekin batera egindako “lan mardula”, eta esan du “gure foru zuzenbidea eguneratzeko bidean mugarri” izan dela lan hori.

 

Testuinguru horretan, lehendakariak 2016an egin ziren jardunaldiak gogoratu ditu. Orduan Nafarroako Foru Berria erreformatzeko oinarriak ezartzea izan zen helburua. Foru Berria berrikusteko, eguneratzeko eta XXI. mendeko errealitateari egokitzeko 2016ko apirilean sortu zen lantaldea ere aipatu du. Lan horrek “emaitzak ekarri ditu, Foru Berria aldatu eta eguneratzeko Foru Legea onetsi baitzen 2019ko martxoaren 28an”.

 

Ildo horretan, Hualdek, Parlamentuko egungo lehendakaria den aldetik, esker ona adierazi die lan horretan aritu ziren pertsonei. Bereziki Arantza Izurdiaga lantaldeko buruari, “langile saiatua izan delako”, eta orduan Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria zen Mari Jose Beaumonti eta Edurne Eguinoa Lehendakaritzako zuzendari orokorrari, “lege horri eskainitako ahalegin eta bultzadagatik”.

 

Hizlari guztien garrantzia nabarmendu ondoren, Unai Hualdek jardunaldien antolaketarako emandako laguntza eskertu dio Iura Vasconiae Fundazioari. “Gure Nafarroako Foru Parlamentuarentzat luxua da areto batean biltzea Zaragozako, Bartzelonako eta Euskal Herriko unibertsitateetako, Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko hizlariak”.

 

Bestalde, Iura Vasconiae Fundazioaren izenean Gregorio Monrealek eskerrak eman dizkio legebiltzarrari jardunaldia egiteko aukera emateagatik “interesik handieneko hitzaldietan banaturik eta espezialisten eskutik”, eta urtebete barru hitzaldiak Fundazioaren aldizkarian argitaratuko direla iragarri du.

 

“Egindako lanaren ebaluazio kritikoa egiteko unea” iritsi dela baieztatu du Monrealek, eta azkenik esan du nahiko lukeela “ekarpen honek nafar guztiei laguntzea hobeki ezagutzen beren zuzenbide zibila, beren nortasun politikoaren osagai indartsua baita”.

 

Gainera, jardunaldian izanen diren adituek erreformaren aurrekarien berri emanen dute, eta erregioen arautegien arteko gatazkez eta Nazioarteko Zuzenbidearen eta Batasuneko Zuzenbidearen eraginaz arituko dira. Esan den bezala, jardunaldiaren muina Foru Berrian (lau liburuak eta atariko liburua) egin diren funtsezko aldaketak azaltzea eta baloratzea izanen da.

 

Jardunaldiaren amaieran hausnarketa eginen da Europako kodearen bilakaeraren inguruan, eta arreta bereziarekin aztertuko dira arlo zibileko legerietan maiz gertatzen diren aldaketak.

 

Goizeko saioan, Jesús Delgadok (Zaragozako Unibertsitatea) Kodetzea, Kode Zibila eta eskubide zibilak eta foralak izenburuko hitzaldia emanen du (9:30); Jacinto Gil (EHU) aurrekariez ariko da: Nafarroako erreformaren aurrekaria: 5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa (10:00); Gorka Galiciak (EHU) honen inguruan hitz eginen du: Kode Zibileko oinordetza-araubidearen erreformarako proposamena (10:30); Ana Clara Villanuevak (NUP) Foru Berriaren erreformak 1975-2019 aztertuko ditu (11:30); Esther Erice (Nafarroako Probintzia Auzitegia) Erreformaren aurrekariak: maiatzaren 17ko 9/2018 Foru Legea (12:00) gaiaz ariko da; María Ángeles Egusquizak (NUP) Atariko liburua izanen du hizpide (12:30); azkenik, Matías Ruizek (notarioa) lehen liburuaz hitz eginen du: Lehen liburua. Pertsonak eta familia (13:00). Ondoren eztabaida egonen da. Moderatzaile-lanetan Itziar Alkorta (EHU) eta Miguel Ángel Abarzuza (NJAN) ariko dira.

 

Arratsaldeko saioko lehenengo hizlaria Javier Nanclares (Nafarroako Unibertsitatea) izanen da; honako gai hau izanen du hizpide: Bigarren liburua. Dohaintza eta oinordetzak (16:00). Elsa Sabater (NUP) hirugarren liburuaz ariko da: Hirugarren liburua. Ondasunak (16:30). Teresa Hualdek (NUP) laugarren liburuaz hitz eginen du: Laugarren liburua. Betebeharrak, estipulazioak eta kontratuak (17:00). Roldán Jimeno (NUP) honako gai honetaz mintzatuko da: Foru Berriari buruzko iritziak historian zehar: iturriak eta erakundeak (17:30). Alicia Chicharrok (NUP) Gorteak eta ezkontza-zuzenbidea jorratuko ditu. Nere Jone Intxaustegik (NUP) gauza bera eginen du honako gai honekin: Nazioarteko Zuzenbidea eta Batasuneko Zuzenbidea Foru Berriaren erreforman (18:30). José Luis Iriartek (NUP) lege-gatazkak landuko ditu: Legeen inguruko nazioarteko eta erregio arteko gatazkak. Gatazkei buruzko araua (19:00). Azkenik, Esther Arroyok (Bartzelonako Unibertsitatea) balorazioa eginen du honako gai honetaz: Norantz doa Europako Zuzenbide Zibila? (19:30). Moderatzailea Isabel Urzainqui abokatua izanen da.

 

Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa unibertsitateetako eta kultura eremuko hainbat profesionalek sortu dute, Euskal Herriko lurraldeen zuzenbide publikoaren eta pribatuaren iragana eta oraina ikertzeko asmotan. Urteko sinposioak antolatu izan ditu, gai monografikoak aztertzeko eta gero Iura Vasconiae aldizkarian argitaratzeko. Horrez gain, Fundazioak zuzenbide historikoari, pentsamendu tradizionalari eta zuzenbide autonomikoari buruzko monografiak kaleratzen ditu.