Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Martxoak 12

Nafarroako Albistari Grafikoen Elkartearen 'Urtebete pandemiapean: kronika bat' erakusketa inauguratu du Nafarroako Parlamentuak

Apirilaren 12ra arte ikusgai egongo den bildumak pandemiaren lehen 12 hilabeteetan profesionalek egindako argazki eta kazetaritza lana dokumentatzen du

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Urtebete pandemiapean: kronika bat erakusketa inauguratu du gaur eguerdian. Nafarroako Albistari Grafikoen Elkartearen bilduma bat da, pandemiaren lehen hamabi hilabeteetan sektoreko profesionalek egindako argazki-kazetaritza lana dokumentatzeko helburuarekin sortua.

 

José Luis Larrión, Nafarroako Albistari Grafikoen Elkarteko (NAGE) lehendakariak eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari erakusketa honi ateak irekitzeagatik, "datozen urteetan gobernuek eta herritarrek osasun krisiaren aurrean nola jokatu duten jakiteko balioko baitu”.

 

Horren harira, Larrionek esan du "ondorioak ateratzeko goiz" den arren, “bizitakoa testuinguruan kokatzeko eta historia modernoaren krisi larrienaren aurrean gizarteak erne jarraitzeko beharraz sentsibilizatzeko” unea dela. “Orain, alerta deklarazioaren lehen urteurrenarekin bat eginez, pandemiaren irudirik adierazgarrienak ezagutzera eman nahi ditugu, datozen belaunaldientzat informazio iturri izan daitezkeen dokumentu historikoak”.

 

Jarraian, NAGEko kide eta erakusketaren komisario den Javier Sesmak, "kazetaritza profesionala, egiazkoa eta konplazentziarik gabekoa" behar dela nabarmendu du. “Gobernuko presidentearen beraren esanetan funtsezkoak diren kazetari grafikoei informaziorako oinarrizko eskubidea egikaritzeko oztopoak jarri bazaizkie ere, argi geratu da, berriz ere, krisi-garaietatik aukerak sortzen direla. Dokumentu-ondare hau horren adibide da, eta memoria kolektibo gisa, Covid-19aren irismena eta inpaktu soziala ulertzeko ikuspegi historikoa eskainiko du".

 

Unai Hualde izan da ekitaldiari amaiera eman diona, eta adierazi du erakusketak irudi “pentsaezinak” eskaintzen dituela, "kale eta plaza hutsak, balkoi beteak eta hainbat eremutako jendea, besteak beste erreportariak, haien lana eginez, kasu honetan, konfinamenduaren eta pandemiaren errealitatea eta gordintasuna erretratatzeko, zeinak oso ondorio gogorrak utzi baititu arlo ekonomiko, sozial eta sanitarioan, baina, batez ere, maila pertsonalean, biktimen kopurua oso altua izan baita".

 

Unai Hualdek adierazi duenez, "gure ohiturak eta harremantzeko modua aldatu ditugu, baina txertoarekin eta kutsatzeen murriztearekin argia ikusten ari gara. Egindako ahalegina gogoratu eta balioetsi behar da. Argazki hauek, benetako memoria erretratu hauek, euren indar eta mezuarekin, argazkilari eta kameren lana ez ahazten eta duintzen lagunduko dute”.

 

Lehendakariak, amaitzeko, eskerrak eman dizkie albistari grafikoei “egin duten lanagatik eta izan duten pazientziagatik, batez ere, denbora batez Parlamentuan sartzeko baimena argazkilari bakarrak, Adolfok, zuenean. Oso garrantzitsuak zarete erakunde honentzat, gure lana herritarrengana hurbiltzen duzue. Material grafiko hori kontserbatzeko eta elkarlanean jarraitzeko modua aztertuko dugu. Eskerrik asko AREGNAri".

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan ospatu da eta bertan izan dira Inma Jurío, Parlamentuko lehen lehendakariordea, Yolanda Ibáñez, bigarren lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin lehen idazkaria, Maiorga Ramírez bigarren idazkaria, Osasun eta Gizarte Eskubideetako kontseilariak, Santos Induráin eta Carmen Maeztu, eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeetako parlamentariak.

 

Urtebete pandemiapean: kronika bat erakusketa formatu handiko (50x70 cm eta 60x90 cm) 60 argazkik eta bi bideok osatzen dute. Apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai Parlamentuko atalondoan, astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik) 15:00etatik 20:00etara. Larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.

 

Erakusketa honen edukia Nafarroako Parlamentuak argitaratuko duen liburu baten parte izanen da.

 

Ohikoa denez, erakusketa hau Kultur Atrio programaren barruan kokatzen da, 2016ko otsailaz geroztik Ganberak artistei eta kulturari ateak ireki eta babesa ematen die.

 

Nafarroako Albistari Grafikoen Elkartea (AREGNA-NAGE) 2018. urtean sortu zen, prentsa profesionaleko argazkia eta bideoa sustatzeko, kolektiboa elkartzeko eta kideen irudia eta lana defendatzeko. Hori guztia lege-estaldura eta aholkularitza juridikoa emanez, konpromiso profesionala eta egile-eskubideen defentsa sustatzeko.