Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Maiatzak 21

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2020 Foru Legea alda zezan

Legebiltzarraren gehiengoak aurrekontuen izaera instrumentala defendatzen duen bitartean, Navarra Sumak aurreikusten diren gastu eta diru-sarrerak aldatu ostean aurrekontuak baliogabetu direla uste du

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Parlamentuari igor ziezaion egokien irizten duen arau-tresna, aldatze aldera Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea”.

 

Zehazten zenez, “aldaketa horretan sartuko da ekitaldi honetarako agertoki ekonomiko berria, Covid-19aren pandemiaren ondorioak ikusita eta erreferentziatzat hartutas seguruenik izan daitezkeen jarduera ekonomikoaren jaitsieraren aurreikuspenak. Horrekin batera erabat berrikustea diru-sarreren eta gastuen partidak, behar izanen direnak aurre egiteko Covid-19aren inpaktuak sortutako beharrizanei zein aldi berean diru-bilketan jasandako narriadurari, azken hori 818 milioi eurokoa baita Nafarroako Gobernuaren ustez”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak aipatzen zuen Covid-19aren hedapena geldiaraztearren hartu behar izan diren neurriek, “inpaktu ekonomiko guztiz handia” izan dutela, alde batetik, “zeharo aldatu direlako gastu-lehentasunak, haien erdigunea baita pandemiaren aurkako borroka eta enplegua mantentzea eta jarduera indarberritzea”, eta bestetik, “aurreikusten diren diru-sarreren jaitsiera bortitzagatik, Nafarroako Gobernuaren arabera, 818 milioikoa, alegia, aurrekontuetan agertzen zen guztizkoaren % 20”. Horrek guztiak eskatzen dituen doiketek “erabat baliogabetzen dute oraingo aurrekontuen esparrua eta haien birmoldatze sakona eskatzen dute”.

 

Sustatzaileen esanetan, “otsailean Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrak diseinatu eta onetsi zirenean zegoen egoera ekonomikoak eta hazkundeari begirako orduko ikuspegiek ez dute inolako loturarik gaur egungo egoerarekin eta datozen hilabetetarako atzematen denarekin. Guztiz agertoki ezberdinean gaude”. Are gehiago, “Nafarroako BPGaren urteko igoera % 2,2 izanen zela uste izatetik igaro gara jardueran jaitsiera handia aurreikustera, % 7 ingurukoa BBVAren estimazioen arabera, edo %-6,4tik %-9ra arteko tartean egon daitekeena” Sainz kontseilariak joan den maiatzaren 12an parlamentuan adierazi zuenari jarraikiz.