Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 4

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Foru erkidegoaren garapen ekonomikoan zuzenean esku hartuko zuen Banku Publiko bat sor zezan

I-Ek borondate politikoa eskatzen zuen langile-familientzat finantza-zerbitzuetarako irispidea demokratizatzeko eta enpresa txiki eta ertainei kreditu bidezko finantzaketa eskaintzeko

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “gure erkidegoaren garapen ekonomikoan zuzenean esku hartuko zuen Banku Publiko bat sor zezan, gordailuak eskuratuko zituena, langile-familientzat finantza-zerbitzuetarako irispidea demokratizatuko zuena eta Nafarroako enpresa-ehundura osatzen duten enpresa txiki eta ertainei finantzaketa emanen ziena”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ekimenak aipatzen zuen Nafarroako Kutxa desagertzeak “kreditu bidezko finantzaketa lortzeko funtsezko tresna publiko gisa hutsune bat utzi zuela”, eta hori dela eta, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen Nafarroaren “garapen sozial eta ekonomikoari mesede egingo liokeen” interes publikoko entitate bat era zezan.

 

Ildo horretan, argudiatzen zen egungo egoerak ez diela gizarteko sektore garrantzitsu baten finantzaketa beharrei erantzuten, eta horregatik “borondate politikoa” eskatzen zen, “behin zuzenbidearen ikuspuntutik bideragarria litzatekeela ikusita, Nafarroako Kutxaren desagerpenetik heldutako hondar-ondarearekin proiektuari kapitalizazioa emateko”.

 

Sustatzailearen hitzetan, “300 milioiko ondare baten baten aurrean gaude, eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kutxa Fundazio Bereziaren bidez kontrolatuko balu, Banku Publikoa martxan jartzeko balioko luke”.

 

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuak aurreko legegintzaldian egindako azterlanak zuzenbidearen ikuspuntutik bideragarria litzatekeela zioenez gero, “helburu lehenetsi” gisa defendatzen du sustatzaileak.