Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Ekainak 24

Mendigorriko ikastetxe publikoan D ereduko lerro bat ireki zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da

D ereduan ikasi nahi dutenek Garesera joan behar izatea edo Mendigorrian nahi ez duten eredu batean matrikulatzea ekiditeko, Euskararen Foru Legearen 25. artikuluaren ezarpena eskatzen zen

Hezkuntza Batzordeak mozio bat baztertu du gaur, Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “eremu mistoko irakaskuntza dela-eta Euskararen Foru Legearen 25. artikuluan ezarritakoa bete zezan eta 2020-2021 ikasturtean D ereduko lerro bat ireki zezan Mendigorriko Julián Mª Espinal Olcoz Ikastetxe Publikoan, familien eskaria eta landa-eremuko eskola publikoari eman behar zaion bultzada sendoa aintzat hartuta”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako mozioak urtea hasi zenetik zenbait familia eskatzen ari direnaren berri ematen zuen, Mendigorriko Julián Mª Espinal Olcoz Ikastetxe Publikoan D ereduko lerro bat irekitzea, hain zuzen. Izan ere, “sei ume 2020-2021 ikasturtean euskaraz matrikulatzeko prest daude, eta beste bost heldu den ikasturtean. Beraz, bi urtean hamaika umeko unitate bat egonen litzateke”.

 

Sustatzaileek azaltzen zutenez, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasun Atalak “aukera hori irekita egon zitekeela” adierazi zien arren, aurrematrikula egiteko kanpaina hasi baino apur bat lehenago, “Mendigorrian D eredua hautatzeko aukera desagertu zen webgunetik eta familia hauek zenbait zuzemen egin arren, ofizialki ez da jasota ageri eredu horretarako eskari errealik dagoenik”.

 

Nahiz eta “41/2016 Foru Aginduak ezarri zortzi ikasle behar direla D ereduko lerro bat irekitzeko”, argudiatzen da Euskararen Foru Legearen 25. artikuluak ezartzen duela “eremu mistoan eskatzen dutenendako euskarazko irakaskuntza ereduak sortuko direla ikastetxeetan”. Helburua Mendigorrian D ereduan ikasi nahi duten ikasleek Garesera joan behar izatea edo Mendigorrian nahi ez duten eredu batean matrikulatzea ekiditea da.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saiora bertaratu diren parlamentariak izan dira Pedro González, Javier García, Jorge Esparza, Iñaki Iriarte, Elena Llorente, Isabel Olave (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón Izquierda-Ezkerra).