Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Martxoak 5

Martxoaren 8a dela eta, ‘Emakumearen Nazioarteko Eguna’ ospatzeko ekitaldia

Unai Hualdek Nafarroa berdintasun politiketan aitzindari izan dela nabarmendu du, eta konpromisoa hartu du ikuspegi feminista eta generoa gobernantzan txertatzeko

Datorren igandean, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du berdintasunarekiko konpromisoa azpimarratu eta sustatzeko, gizarte-justiziaren eta giza eskubideen ikuspegitik. Izan ere, gobernuak dira printzipio horien bermatzaile nagusiak, Unai Hualderen esanetan, Foru Komunitateko “politika publikoak arautzeko” deituak.

 

Hala adierazi du Unai Hualdek ekitaldiaren irekieran, eta Nafarroak “berdintasun-politiketan duen aitzindari” izaera azpimarratu du, “berdintasun-hezkuntzaren aldeko apustu argia” egin baitu, “hor dago Skolae, nazioartean aintzatetsia”, eta horrez gain, “ikuspegi feminista eta generoaren ikuspegia” sartu du bere lege- eta erakunde-lanetan. “Horrela bakarrik eraikiko dugu gizarte bidezkoa eta berdintasunean oinarritua”.

 

Gogorarazi du “oraindik asko dagoela egiteko eta ikusarazteko”, eta ondoren, Legebiltzarreko lehendakaria komunikabideei zuzendu zaie, “berdintasunaren aldeko konpromisoaren adibidea” eskatuz, eta “behar-beharrezkoa den zabalkunde-lana eskertu die, are gehiago zenbait ordezkari publikoren nahigabeko diskurtsoen aurrean, berdintasun-politikak ere auzitan jartzen baitituzte”.

 

Hala, “oraindik egiteko eta ikusarazteko asko dagoela” gogorarazi ondoren, Legebiltzarreko lehendakaria komunikabideei zuzendu zaie, “berdintasunaren aldeko konpromisoaren adibide” diren aldetik, eta “behar-beharrezkoa den zabalkunde-lana” eskertu die, are gehiago, “zenbait ordezkari publikoren diskurtsoen aurrean, berdintasun-politikak ere auzitan jartzen baitituzte”.

 

Jarraian, Isabel Olavek (Navarra Suma), Nuria Medinak (PSN), Jabi Arakamak (Geroa Bai), Bakartxo Ruizek (EH Bildu), Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) pasa den astelehenean Eledunen Batzarrak onetsitako eta talde parlamentario guztiek aurkeztutako Adierazpen Instituzionala irakurri dute.

 

María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak amaiera eman dio ekitaldiari, eta “berdintasunean oinarritutako gizartea” aldarrikatzeko orduan herritarren ordezkarien “batasuna” goraipatu du. “Gobernu honek konpromisoa hartu du genero-desberdintasuna egiturazko fenomeno gisa aztertzeko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak abian jarri berri duen Zer egiten duzu zuk berdintasunaren alde? lemapean abian jarritako politika eta kanpainetatik abiatuta.

 

Amaitzeko, Gobernuko lehendakariak ohartarazi duenez, “prozesua geldiezina da, iritzi publikoaren gehiengoak onartu du feminismoa dela gizarte-aldaketaren eragile nagusietako bat”.

 

2020ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira onetsitako adierazpen instituzionalak hala dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du heldu den martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berdintasunaren arloko tokiko politiken zalantzarik gabeko aitzindaritza aitortzen du, eta konpromiso sendoa kausitzen du horietan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren giza eskubidea sustatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak politika publikoetan berdintasunaren printzipioa jasotzea ahalbidetuko duen beste ikusmolde bat bermatzeko konpromisoa hartzen du.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoko emakumeen errealitate berariazkoak ikusarazten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bai eta oraindik indarrean dauden desberdintasun-adierazpen guztiei garrantzia ematekoa ere.

 

5. Nafarroako Parlamentuak mugimendu feministari bere borroka eta eskarietan laguntzeko konpromisoa hartzen du.

 

6. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela gogoan izatea genero-berdintasuna justizia sozialaren nahiz giza eskubideen ikusmolde partekatua dela. Gizateria osoaren ardura da –eta bereziki, gobernuena, eskubideen berme-emaile nagusiak diren aldetik– jardutea”.