Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urtarrilak 31

Lurralde Kohesiorako Batzordeak Esako edateko uraren araztegia eta Xabierko, Rocaforteko industrialdeko eta Zangozako biltegiak bisitatu ditu

Industrialdeko eta Xabierko biltegien akats funtzionalak egiaztatu dituzte, eta urtegitik zuzenean ura hartuz ponpaketaren garaiera aldea murrizteko proiektuaren jakitun gelditu dira

Navarra Sumak eskaturik, Lurralde Kohesiorako Batzordeak gaur Esako edateko uraren araztegia bisitatu du, zeinak 7.600 biztanle baino gehiago hornitzen baititu (15 udalerri). Batzordeak Xabierko, Rocaforteko industrialdeko eta Zangozako biltegiak ere ikusi ditu.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Maribel García Malo, Pachi Pérez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Nafarroako Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Javier Solozábal Zangozako Eskualdeko Mankomunitateko lehendakariak, Alberto Montes FCCAqualia-Eskualdeko goi-hornidurako zerbitzuko buruak, Jesús Esparza Kasedako alkateak, Ricardo Murillo Ledeako alkateak, María Eugenia Pérez Rocaforteko Kontzejuko buruak, Lucía Echegoyen Zangozako alkateak, Laura Guildana Xabierko alkateak eta Roberto González Xabierko zinegotziak.

 

Maribel García Malok azaldu duen moduan, bisitaren xedea izan da “bertatik bertara ezagutzea presako eta lehentasunezko beharrak”. Izan ere, ingeniaritzako txosten eguneratu batean Esako edateko uraren araztegirako behar horiek bildu ditu Zangozako Eskualdeko Mankomunitateak; oinarrizko hiru jarduketa aipatzen dira, 100.000 euro inguru kostatzen direnak, eta horiei gehitu behar zaizkie beste bi, kostu handiagokoak (milioi erditik gora), Rocaforteko industrialdean eta Xabierren biltegi berriak ezartzeko “premia larriari” erantzuteko.

 

Jarraian, parlamentarioak Esako edateko uraren araztegira joan dira, eta han Alberto Montesek, zerbitzuaren adjudikazioa duen enpresako arduradunak, egin behar diren bi jarduketa nagusien nondik norakoak azaldu ditu. Lehenbiziko jarduketa da kloro eta gas gelako ekipamenduak berritzea, larrialdietako ate bat irekitzea barne (31-43.000 euro). Bigarren jarduketa da erreaktiboen biltegiratzea produktu kimikoei buruzko araudiari egokitzea (20.000 euro). Eta hirugarrena, kloro gasa erabiltzen duen sistemaren ordez sodio hipokloritoa erabiltzen duena jartzea (37.000 euro).

 

Esako 1. ponpaketa aldatzeko proiektuari (2010, 587.351,86 euro) berriz heltzea “komeni” dela ere esan du Montesek. Horrela, urtegiko ura baliatzeko gai izanen litzatekeen zuzeneko hargune batekin, murriztu eginen litzateke egungo ponpaketa, 170ko garaiera aldea duena urtegi-oinaldetik. Nahiz eta konexio-jarduketetako batzuk CHEk egin zituen, prozesua gelditu egin zen krisi ekonomikoa iritsi zenean. Hala ere, “energia elektrikoaren kostuaren beherakada garrantzitsua lortzeko aukerak erraztu egiten du baterako dirulaguntzaren bila aritzea beste administrazio batzuekin”, azpimarratu du Javier Solozabal Zangozako Eskualdeko Mankomunitateko lehendakariak.

 

Ondoren, Lurralde Kohesiorako Batzordeko kideak Rocaforteko industrialdeko biltegietara joan dira, eta “garrantzizko akats funtzionalak” dituztela egiaztatu ahal izan dute. Lehenengo biltegia 1985ekoa da, eta proiektaturik dago bertan biltegi berri bat instalatzea; edukieraren arabera, 450.000 inguruko inbertsioa beharko litzateke (1.200 metro kubiko) edo 280.000 eurokoa (500 metro kubiko). 2009. urtean biltegia handitzeko aukera aztertu zen, baina hori baztertu egin da, biltegia oso hondatuta dagoelako.

 

Xabierko biltegia, berriz, 1954koa da, eta hura berritzea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean erreserbako obratzat jasorik dago, baina uste da esleitutako 200.000 euroak ez direla aski izanen kostua estaltzeko. Izan ere 2012an jada 240.000 euroko kostua kalkulatu zen.

 

Roberto González udalerriko zinegotziak azaldu duenez, xabierraldien arazo puntuala gehitzen da, kontsumoa 200 metro kubikora igoarazten baitute, eta “egungo edukiaren adinako kontsumoa da hori”.

 

Parlamentariek Zangozako biltegian amaitu dute ibilbidea. Azpiegitura berria da, eta ez du inolako arazorik.

 

Bisita bukatutakoan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, behar diren ekimenak gauzatzeko, hala badagokio.

 

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea 1993an sortu zen, orain dituen eskumen berberekin. Lehenago bazen Zangozako Eskualdeko Udalen Elkartea, eskualdean Oinarrizko Gizarte Zerbitzua eta hondakinen bilketa eta tratamendua kudeatzen zituena. Mankomunitatea sortu zenean, edateko uraren goi-hornidura ere bere gain hartu zuen, eta lehentasun gisa ezarri zuen Esako urtegitik hornitzeko proiektua.

 

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak 17 udalerri biltzen ditu: Oibar, Kaseda, Eslaba, Ezporogi, Galipentzu, Xabier, Leatxe, Lerga, Ledea, Irunberri, Petilla Aragoi, Erromantzatua, Zare, Zangoza, Urraulgoiti, Urraulbeiti eta Esa. Gainera, Gabarderal eta Rocaforteko kontzejuak (Zangozan) eta Agezakoa (Ezporogin).

 

*Letra lodiz daude edateko uraren goi-hornidurako zerbitzuari atxikitako udalerriak.