Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urtarrilak 10

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroa eta 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa bisitatu ditu

Herritarrak Babesteko eta Larrialdietako Zerbitzuaren koordinazio sistemak eta bi zentroek dituzten teknologia eta baliabideak ezagutzeko

Navarra Suma talde parlamentarioak eskatuta, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroa eta 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa bisitatu ditu gaur.


Parlamentari hauek joan dira: Ángel Ansa, José González eta José Suárez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre, Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Amparo López Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiak, Juan Carlos Zapico Foruzaingoko buruak eta José Javier Boulandier Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko eta Larrialdietako zuzendariak.

 

José Suárezek sarrerako hitzetan adierazi duenez, bisitaren helburua izan da “ikustea zer teknologia eta baliabide dituzten Foruzaingoaren Aginte Zentroak eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak, eta, horrez gain, lanerako prozedura eta koordinazio sistemak ezagutzea”.

 

Lehendabizi parlamentarioak Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroa ikustera joan dira. Zentro hori 1998an sortu zen, SOS Nafarroa zentroaren “adar” gisa, polizia aferen kudeaketarako. Sei terminalek osatzen dute zentroa, eta zuzeneko arreta ematen diete herritarrei edo 112 zenbakitik bideratutako deiei. Aginte eta Koordinazio Zentroko Eugenio Ros inspektoreburuak azaldu duenez, polizia baliabideak lanean jarri behar izan diren 27.460 gorabehera kudeatu dira 2019an.

 

Ondoren, legebiltzarreko ordezkari taldeak SOS Nafarroa Zentrora jo du. Larrialdiak kudeatzeko zentro hori “Nafarroa osorako zentro bakarra eta integratua da, eta beraren eginkizuna da urteko egun guztietan eta 24 orduetan jasotzea larrialdietan dauden herritarren deiak eta, eskari horri erantzunez, larrialdiari aurre egiteko behar diren baliabide guztiak abian jarri eta koordinatzea”.

 

SOS Nafarroako buruak, Daniel Canok, zentroko bazterrak ikusteko bisitan gidatu ditu, eta ondoren bilera egin dute. Bertan, jasotzen diren deien % 12 “alferrekoak” direla ohartarazi ondoren, informazio eta kontzientziazio kanpainen beharra azpimarratu da, “herritarrak 112 zerbitzuaren baliagarritasunaz eta garrantziaz jabetu daitezen”.

 

Amparo Lópezek esan du Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua “herritarrei begira dagoen ardatz funtsezko bat” dela, eta “giza baliabideen eta teknologiaren bitartez sistema indartzeko laguntza eta ahalegina” eskatu du. “Lanean ari gara Barneko modernizazio plan batean, ditugun zerbitzuei etekina ateratzeko, eta orain premiak zehazteko fasean gaude. Diagnostikoa amaitu eta berehala Parlamentuan aurkeztuko dugu”, erantsi du.

 

Azkenik, Juan Manuel Moralesek, Prestakuntza eta Gainbegiratze arloko buruak, Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak nola funtzionatzen duen azaldu die parlamentariei. Larrialdietarako dauden baliabide guztien, koordinaziorako kudeaketa-sistemen eta jarduketa-prozeduren berri zehatza eman du. “Larrialdietako deiak baloratu, sailkatu eta lehenetsi egiten dira operadoreak bildutako datuak kontuan harturik. Gero mediku kudeatzaileak deitu duen pertsonarekin hitz egiten du, kasua baloratzen du, eta nola jardun behar den eta zer baliabide erabili behar diren erabakitzen da”.

 

Bilera bukatu ondoren, larrialdiak kudeatzeko sistemari estaldura ematen dion plataforma teknologikoaren arduradunen gela ikustera joan dira parlamentariak. Txanda bakoitzean arduradun hauek egoten dira: gelako burua, 10 operadore, mantentze-lanetako guardiako teknikari bat, suhiltzaileetako guardiako arduradun bat, 1-3 mediku koordinatzaile, eta obra publikoetako teknikari bat.