Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 8

Legebiltzarrak uztaila hilabete baliodun gisa ezarri eta Administrazio Elektronikoaren ezarpena abian jarri du

Navarra Televisiónek Foru Legebiltzarraren zuzeneko emanaldiei ekingo die astearte honetan, eta Nafarroa Suspertu Planari laguntzeko Batzorde Bereziaren saio guztiak eskainiko ditu

Legebiltzarra zuzentzen duen organoak aho batez erabaki du gaur uztaila Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkurak gutxienez hamabost egunean behin egiteko hilabete baliodun gisa ezartzea.

 

Bilkura horietan aztertuko da beste organo parlamentario batzuk deitzeko aukera, ohiz kanpoko eta premiazko beharra baldin badago, koronabirusak, nazioarteko pandemia deklaratu ondoren, sorturiko egoeraren ondorioei aurre egiteko beharrezkoak izan litezkeen eginkizun parlamentarioak egikaritzeko. Betiere, Erregelamenduaren 72. artikuluari jarraikiz eta lan-egutegia errespetatuz.

 

Bestetik, EH Bilduren abstentzioarekin, Mahaiak onetsi du Nafarroako Parlamentuko ikus-entzunezko zerbitzuen kontratazioa urtebeterako esleitzea Navarra Televisión-i, zeinak datorren astearte honetatik aurrera, ekainak 9, bere gain hartuko baitu Osoko Bilkura guztien eta gutxienez ere Batzorde baten zuzeneko emanaldia eskaintzearen ardura. Navarra Televisión-ek Nafarroa Suspertu Batzorde Bereziaren bilkura guztien emanaldiarekin hasiko du bere jarduna, astearte honetan, hilak 9, hiru bilkura mistorekin: lehen biak, 09:15ean eta 12:15ean Osoko Bilkuren Aretoan, eta hirugarrena, 16:15ean, Batzorde Aretoan.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/2020-2023-aldirako-nafarroa-suspertu-planari-laguntzeko-batzorde-berezia-eratu-da

 

Navarra Televisión arduratuko da, halaber, Nafarroako Parlamentuak eskatzen dizkion saio eta ekitaldi guztien ikus-entzunezko seinalea ekoizteaz, beste operadore batzuei eskaini ahal izateko. Gainera, asteroko programa bat egingo du, elkarrizketa, erreportaje eta asteko parlamentu-jardueraren analisia eginez.

 

Halaber, Mahaiak aho batez onetsi du “Nafarroako Parlamentuan Administrazio Elektronikoa ezartzeko eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena betetzeko bide-orria”, Agtic SL enpresak prestatua. Mahaiari ahalmena ematen zaio beharrezkotzat edo egokitzat jotzen diren aldaketa guztiak egin diezazkion, lanen bilakaeraren arabera, zeinak 2020ko uztailaren 1ean hastekoak baitira.